Trenbidearen ibilbidea berdegune bihurtzeko proiektua lehiaketa publikora atera dute

Anboto 2024ko ira. 23a, 08:00

Durangoko Udalak lizitaziora atera ditu trenbide zaharraren trazadura berdegune bihurtzeko 1. eta 3. faseen obrak. Lanak 132.220 euroko aurrekontuagaz atera dituzte lehiaketa publikora. 

Garai bateko trenbidearen ibilbidea berdegune bihurtzeko proiektua aurrera doa Durangon. Udalak lehiaketa publikora atera ditu proiektuaren 1. eta 3. fasea garatzeko lanak. Bigarren fasea, berriz, idazketa prozesuan dago.

Udaletik azaldu dutenez, berrurbanizatze prozesuagaz oztopo fisikoak ezabatu eta berdegune berriak sortuko dira. Besteak beste, Ermodo eta Olleria kaleen arteko zatia berrurbanizatuko dute, eremua oinezkoentzat eta txirrindularientzat egokituta. Horrez gainera, Olleria kalearen eta Faustebekoa auzoaren arteko sarbidea handitzea aurreikusi dute. Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jesica Ruiz alkateordeak proiektuak herriko hainbat eremu lotzeko duen ahalmena azpimarratu dute: "Gure helburua trenaren trazadura zaharra berdegune bihurtzea da, durangarrai topagune bat eta kalitatezko espazio publiko bat eskaintzeko, mugikortasun iraunkorra sustatzen duena", azaldu dute. Gainera, proiektua Durangok etorkizunean izango duen 18 kilometroko bidegorriari batuko zaiola gaineratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!