Durangoko Udalak lehiaketa publikora atera du herriko bidegorri sareari beste 18 kilometro gehitzeko obra. Egitasmo horrekin, udalak mugikortasun iraunkorrera bideraturiko espazioak handituko ditu, "berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko eta oinezkoen zein bizikleta bidezko herritarren joan-etorriak areagotzeko". Herriko erdigunean hainbat lan egitea aurreikusi dute. Zehazki, Olleria, Larrasoloeta, Landako Frai Juan Zumarraga, Alluitz eta San Roke kaleak batzen dituen eraztunean bizikletari lehentasuna emateko galtzadak egin gura dituzte. Aurreratu dutenez, bizikletaren zirkulazioa ibilgailu motordunen gainetik lehenetsiko dute. Bestalde, Montorreta eta Ramon Rubial kaleetako seinaleak hobetuko dituzte, inguru hori bizikletentzako puntu beltz modura identifikatura dago eta. Azkenik, Tabirabideko zati batean bizikleta-erreiaren trazadura aldatzeko eta Alde Zaharrarekin eta San Agustinalde kalearekin lotzeko lanak egingo dituzte.
Bidegorria handitzeko aurreikusitako epea zortzi hilabetekoa da. Hasierako aurrekontua 265.000 eurokoa izango da. Lehiaketa publikora proposamenak aurkezteko epea urriaren 8an amaituko da.