“Txalapartarekin askotan gertatzen den moduan, edo gutxitan edo inoiz ere ez da egin, eta, beraz, bide berriak ireki behar zaizkio”

Aritz Maldonado 2024ko uzt. 8a, 09:30

Hutsun eta Jel Trio taldeek 'Artze' lana aurkeztuko dute Durangoko Uda Giro zikloaren barruan, uztailaren 11n, 20:00etan; txalaparta eta jazza nahasten dute.

Doinu eta sonoritate berriak ikertzeko asmoagaz hasi ziren batzen Jel Trioko Javier Lopez Jaso, Marcelo Escrich eta Juanma Urriza, eta Hutsun taldeko Mikel Urrutia Eta Anai Gambra Uriz; jazz doinuen eta txalapartaren erritmoen batuketa hutsa baino gehiago eskaintzen dute euren proposamenean. ANBOTOk Gambragaz berba egin du.

Zelan edo non elkartu ziren txalapartari bikote bat eta jazz hirukote bat?

Lagun batek elkarrekin zerbait egiteko proposamena egin zigun bai guri bai Jel Triokoei. Ezezagunen antzera elkartu ginen kafetegi batean, eta hitz egiten hasi ginen, elkar ezagutzeko eta bakoitzaren musika ezagutzeko. Joaldi batzuk adostu, eta partitura batzuk pasatu genizkion elkarri, bakoitzak bere kabuz ikasteko. Horixe izan zen gure lehenengo pausoa. 

2022an 'Artze' diskoa kaleratu zenuten. Buruan zenuten ordurako ala bidea egin ahala irten zen ideia?

Maketa bat grabatu genuen lehenengo, eta horrekin kontzertu batzuk eman genituen, baina, egia esateko, ez genuen martxa handiegirik izan. Zenbait kontzertu eman genituen, baina egunerokotasunean ez genion indar gehiegirik eman proiektuari. Urte batzuk joan eta gero, disko bat goitik behera egitea pentsatu genuen. Gehiago entseatzen hasi ginen, kontzertu gehiago ematen, eta Artze izeneko diskoa kaleratu genuen, baina ondorio bat izan zela esango nuke. Helburu handirik gabe hasi ginen, elkarrekin jotzearren, baina gustura genbiltzanez eta proiektua interesgarria zela iruditzen zitzaigunez, diskoa grabatzea erabaki genuen. 

"Artze anaiak presente daude lanean, baina disko osoa  euren omenaldia dela esatea gehiegitxo dela esango nuke"

 

Hasieratik izan zenuten Artze anaiak omentzeko gogoa?

Diskoko bi joaldi Hutsunenak bakarrik dira. Horietako baten izena Artze da, eta joaldi horren helburua bazen Artze anaiei omenaldi xume bat egitea, txalapartaren munduan garrantzi handiko bi pertsona izan zirelako. Eta kanta horrek eman zion izena diskoari. Bere osotasunean ez da Artze anaiei egindako omenaldia, baina abestia bai. Lanean presente daudela esango nuke, baina diskoa Artzetarrei omenaldi bat dela esatea gehiegitxo da. 

Behin diskoa kaleratuta, martxa gehiago igartzen duzue?

Bai, 2022ko abenduan aurkeztu genuen diskoa eta iaz kontzertu dezente eman genuen. Eta aurten gutxiago izanda ere, baditugu batzuk. Beasainen egon ginen uztailaren 4an, eta Kataluniako Fira garrantzitsu batek gure proiektua han aurkezteko aukeratu gaitu. Proiektua aurrera doa, baina jazz zirkuituak bere mugak ditu eta ez da erraza kontzertu asko izatea. Hala ere, pozik gaude, bai orokorrean proiektuarekin eta baita egin ditugun kontzertuekin ere. 

Zer eskainiko duzue Durangoko kontzertuan?

Zuzenekoa diskoan oinarrituta dago, baina ez ditugu joaldi guztiak joko. Hala ere, diskoan agertzen ez diren kanta batzuez gozatzeko aukera ere egongo da. Inprobisazioak ere egongo dira, eta soloak. Errepertorio aldetik, jazz estandarrak egongo dira, sorkuntza propioak ere bai, guk taldean egindakoak. Joalditxo bat txalapartarekin bakarrik egingo dugu, eta beste bat Jel Trioak bakarrik. Ordubete inguruko kontzertu atsegina emango dugulakoan gaude, kanta ezagunez eta ezezagunez osatua. Kontzertu anitza izango dela ere esango nuke, momentu batzuetan lasaiagoa, eta beste batzuetan martxa gehiagokoa. 

"Musika da bion hizkuntza, baina talde bakoitzak bere dialekto propioa du, eta batzuetan dialekto horiek moldatu egin behar dira"

Urteak daramatzazue txalapartaren soinua ikertzen, hainbat proiektutan murgilduta eta doinu desberdinekin lanean. Zelan moldatu zarete txalaparta jazzagaz nahasten?

Erronka handia izan da. Alde batetik, gu kalekumeak garelako, eta musika munduan urte mordoa egin arren eta esperientzia handia izan arren, gure esperientzia eta Jel Triorena erabat desberdinak direlako. Musika da bion hizkuntza, baina talde bakoitzak bere dialekto propioa du, eta batzuetan dialekto horiek moldatu egin behar dira. Eta, jakina, denbora dezente behar izan dugu elkar ondo ezagutzeko; alde batetik, guk jazzaren kodigoak ezagutzeko, eta eurek ere txalapartarenak ezagutzeko. Instrumentuaren aukerak eta duen zailtasuna ezagutzea behar genuen, eta moldaketa fase bat ere egin behar izan dugu. Hortxe egon da benetako erronka. Gauza batzuetan gu oso trebeak gara, baina beste batzuetan oso kaskarrak, eta Jel hirukoteari berdina gertatzen zaio, eurek ere alde on eta txarrak dituzte. Kontzeptu potente batean biak batzea ez zen erraza izan. Izerdi asko bota dugu, baina erronka lortu dugula esango nuke, eta hori oso berri ona da, jazz musikan txalaparta tresna izatea benetan delako pozgarria. Txalapartarekin askotan gertatzen den moduan, edo gutxitan edo inoiz ere ez da egin, eta, beraz, musika tresnari ere bide berriak ireki behar zaizkio sarritan. Txalaparta musika tresna gaztea da, 60 bat urteko garapena du alde horretatik, eta estilo desberdinetan garatzea garrantzitsua da, txalapartaren osasunaren adierazlea izango baita. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!