Durangoko Udal Euskaltegia Muruetatorre dorretxera lekualdatzea "legez kanpokoa izan daiteke" Herriaren Eskubidearen arabera. Durangoko Udaleko ordezkari politikoek Lurralde Batzordea egin zuten martitzenean, eta talde independenteak euskaltegia bertara lekualdatzea legezkoa ote den galdetu zuen bertan. "Gobernu taldearen aldetik inolako erantzunik" jaso ez dutela diote, "lur zatiaren erabilera aldatu barik" dagoela gaineratuta.
Aurreko gobernu taldeak (EH Bildu, Herriaren Eskubidea) dorretxean gizarte etxe bat sortzeko proiektua bultzatu zuen. Besteak beste, Landako Eskolako gurasoen elkarteak eta Muruetatorreko auzo elkarteak erabiltzeko eremua izatea gura zuten. Baina legegintzaldi berria hasi zenean, egungo gobernu taldeak (EAJ, PSE-EE) beste proiektu bat sustatu du Muruetatorre dorretxerako: Durangoko Udal Euskaltegia bertara lekualdatzea, hain zuzen ere. Gobernu taldeak iazko abenduan egindako agerraldian azaldu zuenez, Udal Euskaltegiari "ikusgarritasuna" eta "entitate propioa" ematea da lekualdatzearen arrazoi nagusia.
Herriaren Eskubidearen iritziz, gobernu taldeak "Muruetatorreko, Ibaizabalgo, Txibiteneko auzotarrek eta Landako Eskolak hainbeste eskatzen dizkiguten jarduerak egiteko lekurik ez izatea justifikatzeko" erabili dute lekualdaketa.