Maristak ikastetxearen ondoan kokatuta egon da azken 11 urteotan, Azterlan enpresa zegoen lekuan. Baina toki horri agur esango dio Udal Euskaltegiak, eta kokaleku berria izango du laster: Muruetatorre dorretxea. Datorren ikasturtetik aurrera eraikin historiko hori izango da Durangoko Udal Euskaltegiaren egoitza. Halantxik jakinarazi dute gaur Mireia Elkoroiribe alkateak, Paule Sánchez euskara zinegotziak eta Udal Euskaltegiko Garbiñe Andrinua zuzendariak. Erabakiaren arrazoi nagusia Udal Euskaltegiari "ikusgarritasuna" eta "entitate propioa" ematea dela azaldu dute. "Gogor eta profesionalki lan egin arren, behar bezalako jakinarazpenak, publizitatea, egin arren, gertatzen zaiguna da jendeak ez dakiela Udal Euskaltegia non dagoen. Nahasmena egoten da. Garrantzitsua deritzogu entitate propioa eskainiko digun kokapen bat izateari", azaldu du Garbiñe Andrinua zuzendariak. Paule Sánchez zinegotziak ere azalpen horietan sakondu du: "Duela hilabete batzuk ekin genion lanketa honi. Euskaltegiko zuzendaritzako kideekin batuta, ikusi genuen Muruetatorrek euskaltegiaren jardunbiderako baldintzak betetzen dituela. Ikusgarritasuna emango zaio euskaltegiari, eta horrek normalizazioan lagunduko du, Durango gero eta euskaldunagoa izan dadin".
Udal Euskaltegian 160 ikasle daude matrikulatuta ikasturte honetan. 16 talde daude martxan, goiz eta arratsalde. Egungo kokalekuak 206 metro karratuko azalera du, baina zabalagoa izango da etorkizunekoa. 286 metro karratuko eremua izango dute euskaltegiko lanetarako erabilgarri. Kokalekua "estrategikoa" dela iritzi dio Andrinuak, euskaltegia Landako Eskolaren, kiroldegien eta osasun etxearen ondoan egongo delako, herritarren aurrean ikusgai.
Gizarte etxerik ez
Mireia Elkoroiribe alkateak berretsi du euskaltegiak "gune egoki bat" eta "merezi duen ikusgaitasuna" izango duela etorkizunean. Defendatu duenez, erabakia "auzo alkarteko kideekin kontsultatuta eta eragile guztien beharrizanak" aztertuta hartu dute. Alde horretatik, dorretxean gizarte etxea egiteko proiektua ez da gauzatuko. "Proposamena Murueta Torre Auzo Elkartekoei komentatu genien, eta begi onez ikusi zuten. Eremua euskaltegikoekin partekatuko dute. Batzargela propioa izango dute bertan, eta beharrizan bereziren bat badute, demagun tailerren bat, edo ikastaroren bat, horretarako leku gehiago ere egongo da eraikinean", azaldu du.
Herriaren Eskubidea "oso kezkatuta" agertu da, "EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernu taldeak Murueta Torreko gizarte etxea kentzea erabaki dutela jakin ostean". Ohar batean jakinarazi dutenez, "San Faustokoaren ondoren, honako hau da auzotarren iritziaren kontra ezabatzea erabakitzen duten bigarren gizarte etxea". Talde independenteak aurreratu du "auzo guztiek beren lekua izan dezaten borrokatzen" jarraituko dutela.