Bost hilabete joan dira zaintza sistema publiko baten alde greba feminista orokorra egin zenetik. Egun haren harira askotariko eragileekin gorpuztutako Herri Akordioa egia bihurtzeko lanean dihardu harrezkero Durangoko Zaintza Komiteak. Zaintza sistema publikoa sortzea da eskari nagusia.
Zeregin horretan udalek euren ardura dutela uste dute. Horregatik, martxoan Durangon zaintza mahai bat eratzeko eskaria erregistratu zuten udaleko erregistro orokorrean. Harrezkero ez dute erantzunik jaso eta horixe salatu dute gaur udaletxe ondoan egindako agerraldian. "Gaur da eguna oraindik udal gobernutik ez duguna erantzun zuzenik jaso", adierazi dute Zaintza Komiteko kideek. Ildo horretatik, udal gobernuarekin bilera bat eskatu dute, "ahalik eta arinen".
Zaintza Komitearen ustez 2022tik indarrean dagoen Durangoko Berdintasun Planak "argi eta garbi" adierazten du "zaintza eredua birpentsatu eta zaintzaren erantzunkidetasunean eragin behar duela udalak". Horiek horrela, "noiz egingo du udalak adostuta dagoena?", galdetu dute.