Euskal Herrian greba feminista orokorra egin zenetik aste batzuetara, Durangaldeko mugimendu feministak mobilizazio hark emandakoaren balantzea egin du. Eskualdeko mugimendu feministak azaldu du "indartu eta saretu" egin dela egun hari eskerrak. "Zaintza sistema publikoaren aldeko borroka honen aitzakipean inoiz baino hurbilago ipini gara eskualdeko feministak, guztia antoatzen. Izan ere, urtarriletik egon gara elkarrekin bileretan batzen. Horren emaitzetako bat izan zen, greba egunean errepideak elkarrekin hartu izana. Elkarlanaren emaitza da ere, elkar elikatutako ideia eta energiaz, pribatizazioaren kontra mobilizazioak deitu izana", azaldu dute ohar batean.
Greba eguna "izugarria" izan zela gaineratu dute, "ilusioz gainezka eta eztarriak urratuta" amaitu zutela. Eta herririk herri sorturiko asanbladek, greba komiteek, kafe tertuliek lan taldeek eta kartel itsasketek merezi izan zutela baloratu dute. "Egindako borrokak merezi" izan duela iritzita, "harro" daude egindako lanagaz eta grebak eskualdean izandako erantzunagaz.
Gasteizerako deia
Aurrean zabaltzen den zerumugaren aurrean "pozik" daudela gaineratu dute, eta gogoratu urtarrilaren 28an Euskal Herriko asanblada feminista egingo dutela Gasteizen. Bertan batuko dira pentsiodunak, gazteak, sindikalistak, migratuak eta nekazariak, aurrera begirako erronken inguruan berba egiteko. Bileran parte hartzeko gonbitea egin diete Durangaldeko herritarrei. Aurreratu dutenez, "martxan" jarraituko dute zaintza eskubide kolektiboaren alde ekiteko.