Gu Ta Gutarrak

[BIDEOA]: "Zerbitzu bat sortzen gabiltza, indarkeria matxistaren prebentzio eta artatze integrala eskaintzeko"

Ekaitz Herrera 2023ko mai. 5a, 09:26

DAFAk orain urtebete inguru ekin zion indarkeria matxistaren aurkako tresna berri bat sortzeari, eta apurka-apurka dabiltza sortze horretan aurrera egiten, su motelean. Indarkeria matxista prebenitzeko eta biktimak artatzeko zerbitzu integral bat gura dute Durangorako, indarkeria matxistak izan eta sortu dezakeen errealitate bakoitzari erantzun bat emateko, hain zuzen ere.

Tresna berri bat sortuko duzue indarkeria matxista prebenitzeko eta biktimak artatzeko. Zein da zerbitzu berri hori sortzeko abiapuntua?

Mireia Delgado Expósito: Biolentzia matxista zerbait oso konplexua da, ertz pilo bat duena, eta, ondorioz, ezin zaio modu lineal edo bakar batean erantzun. Egoera bakoitzaren ezaugarriak gertutik aztertu behar dira, gero horren araberako erantzuna emateko. Indarkeria kasuen artean badira ezaugarri komunak, baina ez dago errepikatzen den patroi itxirik. Eta, hain zuzen ere, berezitasun horiek dira inportanteenak pertsonen bizitzetan, berezitasun horiek dira errealitatean gertatzen direnak. Horiek zaindu eta bakoitzaren beharrizanen araberako erantzuna aztertu behar dugu. 
Maider Huerta Ortuoste: Azken finean, tokian tokiko ezaugarrietara egokituko den zerbitzu edo tresna bat sortzen gabiltza. Herritarrentzat gertukoa izango den tresna, ikuspegi feminista eta profesionala izango dituena.

Zein puntutan dago tresna berri horren garapena?
M.H.O.: Momentu honetan hausnarketa fase batean gaude. DAFA, Durangoko Udaleko Berdintasun Saila eta udal gobernu taldea gaude hausnarketa horretan. Indarkeria kasuren bat dagoen aldiro zer egiten den identifikatzen gabiltza, aurrera begira beharrezkoak izan daitezkeen baliabideak eta tresnak koordinatzeko eta hobetzeko. 

III. Berdintasun Plana indarrean dago, protokoloak ezarrita daude. Zeintzuk dira horien aurrean tresna berri honek ekarriko dituen nobedadeak?
M.D.E.: Indarkeria matxista kasu baten ondorengo denboran ipiniko du arreta. Hau da, indarkeria jasan duenari egiten zaion artatzean. Artatzea ezin da hiru egunean, denbora labur batean, konpondu. Errekuperazio prozesua gorabeheratsua da, atzera eta aurrera egiten duena, eta kontuan hartu behar da kasu batetik bestera bakoitzaren beharrizanak desberdinak izan daitezkeela. Denok ez gara berdinak, eta ezinezkoa da errezeta bakar bat denontzat baliagarri izatea. Gertuko zerbitzua ematea diogunean, pertsona konkretuak ikusiko dituen tresna bat sortzeari buruz gabiltza. Arreta behar duenagaz hartu-emana izango duen eta bidean lagunduko dion tresna bat behar dugu.

Beraz, arreta pertsonalizatuago bat ematea izango da tresna horren ardatza?
M.D.E.: Bai, baina ez hori bakarrik. Indarkeriak berak dituen ertz guztiei sakontasunez begiratuko dien tresna izango da, indarkeriak gure bizitzetan zelan eragiten duen aztertuko duena.  
M.H.O.: Bestalde, beste hutsune bat ere badago. Mugimendu feministan behintzat halantxik ikusi dugu. Baliabide horien guztien arteko sistematizazio falta bat dago, hau da, indarrean dauden baliabideen, planen eta protokoloen arteko sistematizazio falta. Unitate bat behar dugu horiek guztiak artikulatzeko. Eta erasoa jasan duenari egiten zaion jarraipenean ere, berdin. Biktimak hainbat lekutara jo behar izaten du erasoa jasan eta gero. Gertaturikoa kontatu behar izaten du eta beharrezkotzat jotzen dugu hori guzti hori egiten lagunduko duen arreta profesional, iraunkor eta integrala eskainiko duen unitate bat. 

Badago eredurik zerbitzu hau sortzeko? Badago horrelako unitaterik beste herrietan?
M.D.E.: Esperientziak egon badaude. Arrasaten eta Basaurin, adibidez. Baina, gure iritziz, ezinbestekoa da tokian tokiko errealitateari erantzutea. Horrenbestez, sortzen gabiltzan hau Durangok dituen ezaugarrietara, baliabideetara, ezagutzara, historiara, prozesuetara eta mugimendu feministara egokituko da. Ezin dugu hortik zehar funtzionatzen duen metodologia bat hona ekarri eta horri jantzi bat ipini. Hemengo errealitateari erantzungo dion eta bizirik egongo den tresna bat behar dugu.

Unitate edo tresna horrek izango duen ataletariko bat indarkeria matxistaren prebentzioa da. Zein beharrizan detektatu dituzue prebentzioari dagokionez?
M.D.E.: Prebentzioa oinarrizko zutabe bat da eta ezin da ekintza edo kanpaina puntualetara mugatu. Aldaketa sakonak emateko etengabe eragin behar da eta emaitzak ezingo dira berehala igarri. Prebentzioak, gure ustez, jendarte eraldaketa bat ekarri behar du. Agian luzera begirako prozesuak ipini beharko dira martxan, eta orainaldian eragiten hasi beharko dugu. Landu beharreko prebentzio neurriak Durangoko herritarrek duten aniztasunaren araberakoak izan behar dira. 

Prebentzioan asmatzen gabiltza?
M.D.E.: Gatxa da prebentzio tresnarik eraginkorrena zein den esatea. Kasuan kasuko eta unean uneko tresnaren araberakoa izan daiteke. Jendartea ikuspegi feminista batetik eraldatzeak gauza asko barnebiltzen du. Balio sistema oso bat eraldatzea esan gura du. Eta hor sartzen dira pertsonen identitatea, hartu-emanak, espazioak okupatzeko modua, lana lortzeko aukerak... intersekzionala den errealitate bat dago hor. Eta hori prozesu batean ipini ezean, hankamotz ibiliko gara.

Erasoren bat gertatuko balitz, artatzeari begirako zein ezaugarri izango ditu esku artean duzuen tresnak?
M.D.E.: Gaur egun eskaintzen den artatze zerbitzuari aitortza egiten diogun arren, iruditzen zaigu eskasia dagoela indarkeria jasan duenari bidean laguntzeko baliabideei dagokienez. Protokoloak ezarritako laguntza hori ez da gauzatzen. Protokolo hori eskualde mailakoa da, amankomunaturiko gizarte zerbitzuen zati da. Eta zerbitzu hori amankomunatua izan arren, hutsuneak badaude edo baliabide nahikorik ez badago, horiek hobetzea udalaren eginbeharra da. Horixe eskatu izan diogu Durangoko Udalari. Horretan gabiltza, hankamotz dauden baliabideak eta koordinazioa identifikatzen. Eta hori guzti hori lan handia denez, baliabide pertsonalak ere beharrezkoak direla uste dugu.

Noiz ikusiko du argia indarkeria matxistaren prebentziorako eta artatzerako unitate horrek?
M.H.O.: Lehen esan dugun moduan, momentu honetan hausnarketa fase batean gaude. Oraingoz unitate edo tresna deitzen diogun honek uda osterako argia ikustea da gure asmoa, irailerako edo. Sortze prozesuan DAFA, Durangoko Udaleko Berdintasun Saila eta gobernu taldea gaude. Hainbat elkarrizketa egiten gabiltza Durangoko beste hainbat eragilegaz. Argi utzi gura dugu sortzera goazena ez dela plan bat, edo paperean geratuko den zerbait; zerbitzu bat izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!