Durango-Durango Laboral Kutxa Sariko aurtengo aldia bereziki gogorra izan da. Ibilbideko aldapak nahikoa erronka ez eta blai eginda amaitu dute txirrindulariek. Euriak podiumeko sari banaketan ere ez die atsedenik eman. Baldintza horietan 22 urteko gazte bat izan da onena: Cedrine Kerbaol. Lasterketa San Juaneko aldapa gogorretan hautsi da eta frantziarrak orduantxe egin du aurrera beste faborito batzuekin batera. Ezkurdiko helmugan bost segundoko aldea bakarrik egon da aurreneko hiruren artean. Evita Muzic eta Thalita De Jong ziklistak geratu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Laboral Kutxa taldeko Ane Santesteban izan da lehenengo euskalduna. Iaz Durangoko klasikoa irabazteko zorian egon zen errenteriarra -bigarren geratu zen- hamar onenen artean sailkatu da aurten. Santesteban makina bat bider izan da euskaldunik onena Durangon.