Tabirako saskibaloi klubarentzat asteburu borobila izan da. Zapatuan gizonen talde nagusiak Lehenengo Nazional Mailako liga irabazi bazuen, atzo nesken bigarren taldeak beste hainbeste egin eta Bigarren Nazional Mailarako igoera eskuratu zuen.
Lauko Finala Basaurin jokatu zuten eta ez zen lorpen erraza izan. Finalerdietan 59-53 menderatu zuten Begoñazpi taldea. Bilbotarrak hobeto sartu ziren partiduan (9-16). Minutuek aurrera egin ahala durangarrek aurretik jartzea lortu zuten, baina alde nabarmenik lortu gabe. Puntu bi goitik heldu ziren azken minutura. Talde gaztea izanagatik burua hotz mantendu zuten eta Elexpek sartutako hirukoak balantza durangarren aldera ekarri zuen.
Finalean Erandio Altzaga taldeari irabazi zioten: 73-66. Lehenengo zati parekatuaren ostean, durangarrak gehiago izan ziren bigarren zatian. Kasu honetan ere presioak ez zion pentsa zitekeen beste eragin Lauko Finaleko talderik gazteenari.
Amaieran jokalariek Basaurira joandako zaleekin ospatu zuten lorpena.