Inaugurazio ekitaldia 10:00etan izango da. La Cuadri del Hospi elkarteak Barakaldoko alkateari egingo dio harrera, Eusko Trenen geltokian. Alkateak Gu be zuek gara jaialdiaren lekukoa pasatuko dio Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateari (2022an Barakaldo izan zen jaialdiko anfitrioi).
10:30ean ibilbide familiarrari ekingo diote, herriko kirol klubek gidatuta eta Durangoko Musika Eskolako bandak, Tabira Musika Bandak, Batukandrak eta txistulariek lagunduta. Martxak ikasleak, senideak eta lagunak jasoko ditu ikastetxeetan, hurrenkera honetan: Nevers, Maristak, Frai Juan Zumarraga, Zabalarra, Kurutziaga, Ibaizabal, San Antonio, Jesuitak eta Landako. Ikastetxe bakoitza izango da martxaren buru, pankarta bat, urrezko globo handi bat eta minbizia duten haur eta nerabeen omenezko landare sinbolikoak eramanda.
11:30ean Herri Maite Akordeoi Taldeak giroa berotzeari ekingo dio Landako Gunean. Izan ere, ikastetxeak 12:00 aldera ailegatuko dira gutxi gorabehera erakustazokara. Bertaratzen direnean, eskuan ekarritako landareak landatuko dituzte gingko biloba zuhaitzaren ondoan. Segidan, La Cuadri del Hospi elkarteak ongietorria eta esker emate ekitaldia hasiko ditu, L’Atelier dantza eskolaren aurreskuagaz eta animazioagaz.
Jaiak La Cuadri del Hospiren denda solidarioa eta txosnak zabalduta egingo du aurrera. Bertan eskainiko duten jatekoa eta edatekoa herriko tabernek, jatetxeek eta saltokiek eman dute dohaintzan.
12:00 eta 16:00 artean, ile-mozketa solidarioak, tonbola, zozketak eta umeentzako tailerrak egongo dira. Ile-mozketa solidarioak herriko ile-apaintzaileek egingo dituzte. Tonbolan zozkatuko dena herriko saltokien dohaintzak izango dira. Globo Feroz taldeak globoflexia tailerra eskainiko du, eta Oier magoak, berriz, magia erakustaldia. Puzgarriak ere egongo dira, eta baita Durangoko aisialdi taldeek eskainitako eskulan eta aurpegi-margoketa tailerrak.
12:00-19:30etan musika egongo da. Hainbat taldek eguna girotzeko musika kontzertuak eskainiko dituzte: Nonbait, Gehi zapi, Bart sax, Ibai Etxebarria, Goazen telesaileko Ander Lacalle (Luken) eta Nerea Elizalde (Garazi), Iñaki Etxezarraga Etxe, Akerbeltz eta Lehiotan bertan izango dira.