La Cuadri del Hospi elkarteko kideak "irrikaz eta kabitu ezinik" daude. Gogotsu eta aldi berean urduri, domeka ailegatzeko. "Azken finean, hau guzti hau besteengan pentsaturiko jai bat da, eta espektatiba handia dugu. Etorriko diren denek Gu be zuek gara jaialdiak berezkoa duen zer hori sentitu dezaten gura dugu", azaldu du Susana del Amo La Cuadri del Hospi elkarteko kide durangarrak. Antolatzaileek eta herriko elkarteek dena prest dute Durango haur minbiziaren kontrako marea urdin bategaz betetzeko. Bai elkartasuna adierazteko, eta baita gogorra den errealitate baten aurrean alaitasun izpi bat eraikitzeko ere. "Elkarbizitzan oinarrituriko jaia izango da, aldatzea eta ikusaraztea gura dugun errealitate bat modu positibo batean bizitzea helburu duena. Izan ere, unerik txarrenean zaudenean, bizitzaren muga-muga horretan zaudenean, badira une alaiak ere. Eta hori guzti hori biziarazi gura dugu domekako jaialdian. Bizilagunekin, herritarrekin batuta, presarik barik, elkarri zelan gauden galdetuta. Zergaitik? Minbiziaren inguruko diagnostiko bat duzunean, jendea ez delako zuri horri buruz galdetzera ausartzen. Goazen berba egitera, gaia naturalizatzera", azaldu du Susana del Amok.
La Cuadri del Hospi Gunea
Jaialdian baturiko dirua funtsezkoa izango da La Cuadri del Hospik Gurutzetako ospitalearen ondoan duen lokala martxan mantentzeko. Elkarteak minbizia duten umeentzat eta euren gurasoentzat prestaturiko eremu bat du han, tratamendu onkologikoan dauden umeen egunerokotasuna eramangarriagoa izaten laguntzeko. Eremu horri eskerrak, umeek eta gurasoek hartu-eman zuzena izan dezakete tratamenduak bizimodu arrunt bat egitea eta kalean ohikoak diren eremuetan egoteko aukera eragozten dienean. "Adibidez, umeek eta gurasoek elkarregaz gosaldu dezakete bertan. Izan ere, segun eta umea zein egoeratan dagoen, ez duzu kafetegi arrunt batera sartzeko aukerarik. Horrez gainera, umeentzako ekintzak gauzatzen dira eremu horretan, aktibitateak. Eta eskolak ere ematen dira", deskribatu du del Amok. Era berean, umeek minbiziaren kontrako tratamendua jaso eta gero izaten dituzten bestelako zerbitzuak hornitzeko baliatuko dute baturiko dirua. "Fisioterapia lantzeko edo tratamenduak eragindako arreta-defizita psikologoekin lantzeko", adibidez. "Berdin-berdin Gurutzetako ospitalea dekoratzen jarraitzeko. Txikikeria bat dirudi, baina umeentzat izugarria da gela onkologikoak globoflexiazko artelanekin dekoratuta ikustea. Haientzat momentu inportantea da", gaineratu du del Amok.
'Gu be zuek gara' jaialdiaren aurreko edizioa Barakaldon ospatu zuten, 2022an. LA CUADRI DEL HOSPI
Gaia "naturalizatzea"
Osakidetzak aurtengo otsailean kaleratu zuen haur minbiziaren inguruko estatistika berritua. Datu horien arabera, gaur egun minbizia duten umeen %80k aurrera egiten dute; gainerako %20ak ez. Diagnostikoen ia erdiak leuzemiari loturikoak izaten dira (%47), eta nerbio sistemetan eraturiko tumoreak izaten dira kausen artean bigarrena (%15). "Baina egoera hori zuri egokitzen zaizunean, zer ardura dizu horrek guzti horrek?", galdetzen du del Amok. "Zuretzat %100 da jokoan dagoena. Dena", dio. La Cuadri del Hospiren sorreran parte hartu zuten bost umeetatik hiru hil egin ziren, zoritxarrez. Del Amoren semea izan zen euretariko bat. "Arazoa barrutik bizi duzunean dena naturalizatzen duzu. Mugan bizitze horrek zaramatza gaia naturalizatzera. La Cuadri del Hospin esku hartzen dugunok ez genuen aurretiazko hartu-emanik minbiziagaz. Baina tokatu egin zitzaigun. Eta guk, zorionez, inguru atsegin bat sortu genuen gaia lantzeko, baina asko dira aukera hori izan ez dutenak. Beraz, goazen hezur-muina dohaintzan emateari buruz berba egitera, goazen hezurrak dohaintzan emateari buruz berba egitera", animatu du del Amok. Alde horretatik, azpimarratu du La Cuadri del Hospik minbiziaren kontrako ikerketara ere bideratzen dituela funtsak.
Denentzako jaia
Jaialdira doanak egun horretarako propio salgai ipini diren kamiseta urdinak erosita topatuko du kausa solidarioari laguntzeko modua. Berdin Landako Gunearen bueltan egingo diren ekintzetan parte hartuta eta txosnetan kontsumituta. Denak balio du komunitate horren zati izateko, eta haur minbiziaren errealitatea bizitzea tokatu ez zaionari perspektiba berriak emateko. "Izan ere, La Cuadri del Hospi elkartea osatzen duten guraso eta umeengandik harago doan zerbait da. Lagundu gura duen edo elkarteagaz esku hartu gura duen edonor da La Cuadri del Hospi. Kamiseta erosten duena zein laguntza ematen diguna. Daudenak eta jadanik gure artean ez daudenak. Ez daudenak ere jaian egongo direlako, eta hori ere badelako mina arintzeko modu bat", dio del Amok. Gonbitea argia da. Durangoko kaleak eta Landako Gunearen inguruak prest daude herritar guztiena den marea urdin solidarioa sortzeko. Esloganak ondotxo dioen moduan, Gu be zuek gara hori ikusarazteko, eta elkartasun izpiak sortzeko.
La Cuadri del Hospi elkartearen sortzaileak. LA CUADRI DEL HOSPI