DRTren Errugbi Topaketan batutako dirua 'La Cuadri del Hospi' elkarteari emango diote aurten

Anboto 2024ko mai. 7a, 20:19

DRTko, La Cuadri del Hospi elkarteko, Durangoko Institutuko eta La Caixako ordezkariak gaur, DRTren egoitzaren aurrean.

Barikura bitartean 1.500 bat ume batuko dira Arripausuetako errugbi zelaian.

Durango Rugby Taldea Rugby Tag topaketaren 12. aldia egiten ari da egunotan. Ekimenaren helburua umeak eta gazteak errugbira erakartzea eta ikastetxeekin hartuemanak lantzea da.

Ekimena elkartasunarekin lotzen dute urtero. Aurten La Cuadri del Hospi elkarteari emango diote batutako dirua. Elkarte honek haur minbiziaren kontrako jaialdi solidarioa antolatuko du Durangon, maiatzaren 12an. Elkarteko kide Susana del Amok "eskerrak" eman dizkio DRTri eta kirolak prozesu onkologikoetan duen garrantzia azpimarratu du. "Kirola funtsezkoa da horrelako prozesu batean eta gure ekintzetan beharrizan hau azalerazten saiatzen gara".

Atzo Durangoko eta Abadiñoko institutuetako gazteak batu ziren Arripausuetan. Bihartik barikura honako ikastetxe hauetako umeak joango dira: Kurutziaga Ikastola, Landako eskola, eta, Nevers, San Antonio eta San Jose Jesuitak ikastetxeak. Guztira 1.500 bat gaztetxo batzea itxaroten dute. "Horrelako ekimenetan parte hartzea plazer bat da. Ikasleen artean harrera oso ona izan du aurten ere", adierazi du Paul Ortiz de Muruak, Durangoko Institutuko irakasleak.

La Caixa bankuak diru ekarpena egingo dio ekimenari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!