[EGITARAUA]: Haur minbiziaren kontrako jaialdi solidarioan "masiboki" parte hartzeko deia

Ekaitz Herrera 2024ko api. 26a, 13:08

La Cuadri del Hospi elkarteko kideak eta udal ordezkariak, jaialdiaren omenez landatu duten gingko bilobaren aurrean.

Durangok haur minbiziaren kontrako Gu be zuek gara jaialdi solidarioa hartuko du maiatzaren 12an. Jaia La Cuadri del Hospi elkarteak antolatu du udalaren eta herriko klub, ikastetxe eta elkarteen auzolanagaz. "Super deialdi bat egin gura dugu Durangoko kaleak marea urdin batekin betetzeko", esan dute. "Gainditu dezagun minbizia denok elkarrekin". 

Hasia da atzera kontaketa. Maiatzaren 12an elkartasunez eta minbiziaren kontrako ekintzailez beteko dira Durangoko kaleak. La Cuadri del Hospik Gu be zuek gara jaialdia antolatuko du, umeen minbiziari aurre egiteko jaialdi erraldoia. Gaixotasuna ikusgai egin eta kontzientziazioan eragiteaz gainera, jaialdiak helburu zehatz bat du: haur minbiziaren kontrako ikerketak finantzatzeko funtsak batzea.

Jaialdiaren aurkezpen ekitaldia goiz honetan egin dute udal arduradunek eta antolatzaileek. "Behar zaituztegu. Super deialdi bat egin gura dugu maiatzaren 12an Durangoko kaleak marea urdin batekin betetzeko. Dohaintzarik txikienek ere haur minbizidunei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hornitzen lagunduko dute", azaldu du Susana del Amok, La Cuadri del Hospi elkarteko kideak. Mireia Elkoroiribe alkateak ere udalaren erabateko inplikazioa azpimarratu du. "Jaialdian masiboki parte hartzera deitu gura ditut herritarrak. Durangarron bereizgarri den ezaugarri solidario eta parte hartzaileagaz eragitera. Gainditu dezagun gaixotasuna denok elkarrekin, laguntza emanez, maitasunetik", adierazi du. Era berean, alkateak herriko eragile guztien inplikazioa eskertu du.

Asko izango dira jaialdi solidarioa laguntzeko moduak. Errazena eta sinbolikoena, honako hau: La Cuadri del Hospik jaialdirako propio kaleratu duen kamiseta urdina erosi eta egunean zehar soinean janztea. Durangoko ikastetxe, elkarte eta kirol talde ugari dabiltza kamisetaren salmenta dinamizatzen.  

Erabateko inplikazioa

Gauzak hobetzen dabiltzan arren, minbizia duten umeen portzentaia txiki batek ez du aurrera egiten. Zerbait gogorra da hau guztia, baina naturalizatu beharrekoa. Kirol elkarteei esker, zainketa fisikoak ume onkologikoetan duen onura partekatuko dugu. Ikastetxeekin, gaixotasuna duten ikaskideak bolada baten ikusiko ez ditugula, baina euretaz ahaztu behar ez dugula ikasiko dugu. Ile-apaintzaileekin ilea jauste naturalizatuko dugu... txalotzekoa da herritar eta elkarte bakoitzak era eskuzabalean egingo duen lana", adierazi du Susana del Amok.

Jaialdia martxoan hasi ziren hauspotzen, Landako Gunearen aurrealdean Gingko biloba bat sartu zutenean (Erakustazokaren eta Montevideo kalearen arteko eremuan dago). Aurrerantzean 365 landare sartuko dituzte haren inguruan.

EGITARAUA

  • 10:00 Inaugurazio ekitaldia. La Cuadri del Hospi elkarteak Barakaldoko alkateari egingo dio harrera Eusko Tren geltokian. Honek Gu be zuek gara jaialdiaren lekukoa pasako dio Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateari (2022an, Barakaldo izan zen jaialdiko anfitrioi).
  • 10:30 Martxa familiarraren hasiera. Herriko kirol klub batzuek gidatuta eta Durangoko Musika Eskolako Tabira Bandak, Batukandrak eta Txistulariek lagunduta. Martxak ikasleak, senideak eta lagunak jasoko ditu ikastetxeetan, hurrenkera honetan: Nevers Ikastetxea, Maristak Ikastetxea, Frai Juan Zumarraga Institutua, Zabalarra Eskola, Kurutziaga Ikastola, Ibaizabal Ikastola, San Antonio Ikastetxea, San Jose Jesuitak Ikastetxea eta Landako Eskola. Ikastetxe bakoitza izango da martxaren buruan, pankarta bat, urrezko globo handi bat eta minbizia duten haur eta nerabeen omenezko landare sinboliko bat eramanez.
  • 11:30 Musika girotzea. Herri Maite Akordeoi Taldearen eskutik, Landako Gunean.
  • 12:00 Landako Gunera iristea eta ikastetxe bakoitzak Gingko bilonbaren ondoan landarea sartzea. La Cuadri del Hospi elkartearen ongietorria eta esker emate ekitaldia, inaugurazio-aurreskua eta animazioa L’Atelier dantza eskolaren eskutik.
  • 12:00-19:30 La Cuadri del Hospiren denda solidarioaren eta txosnen irekiera. Janaria eta edariak eskainiko dira herriko taberna, jatetxe eta saltokien laguntzari esker.
  • 12:00-16:00 Ile-mozketa solidarioak, tonbola eta zozketak, haurrentzako jarduerak eta
    tailerrak
    • Ile-mozketa solidarioak herriko ile-apaintzaileen eskutik.
    • Tonbola eta zozketak, herriko saltokien kolaborazioari esker.
    • Globoflexia Globo Feroz-ekin.
    • Oier Magoaren erakustaldia.
    • Puzgarriak Puzgarri enpresaren eskutik.
    • Aurpegi-margoketa eta eskulanak aisialdirako taldeen eskutik.
  • 12:00-19:30 Erakustaldiak eta zuzeneko kontzertuak. Hainbat taldek eguna girotzeko musika kontzertuak eskainiko ditztuzte: “Nonbait”, “Gehi zapi”, “Bart sax”, “Ibai Etxebarria”, “Goazen: Ander Lacalle (Luken) eta Nerea Elizalde (Garazi)”, “Iñaki Etxezarraga”, “Akerbeltz”, “Lehiotan”.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!