Durangoko elkarteek jaialdi solidario bat antolatzeari ekin diote haur minbiziaren kontra egiteko

Ekaitz Herrera 2023ko aza. 15a, 20:14

'La cuadri del hospi' elkarteagaz batera Gu be zuek gara izeneko eguna antolatuko dute maiatzaren 12rako. Egun osoko jaialdia izango da, herriko kaleetan eta Landako Gunean gauzatuko dena. Baturiko dirua ume onkologikoen bizi kalitatea hobetzera eta minbiziaren aurkako ikerketara bideratuko dute.

Lehen harria bakarrik ipini dute oraingoz, baina argi dute helmuga. Maiatzaren 12an, Landako Guneak haur minbiziaren kontrako jaialdi erraldoi eta solidario bat hartuko du. La cuadri del hospi elkarteak udala, elkarteak eta herritarrak deitu ditu auzolanean, bakoitzak ahal duenagaz, jaialdi benefikoa antolatzera. Iluntze honetan egin dute egitasmoa prestatzeko lehenengo bilera, eta herriko elkarte ugari batu da bertara. Kirol arloko elkarteak, kulturalak, eragile sozialak, ikastetxeetako ordezkariak, guraso elkarteak, merkatarien elkartea, ostalariak,... osoko bilkuren aretoa txiki geratu da jaialdiaren funtsa azaltzeko aurkezpenean. Modu batera ala bestera, guztiek egin dute bat jaialdia antolatzeko proposamenagaz. Inplikazioa begi bistakoa izan da.

Susana Del Amo durangarra La cuadri del hospi elkarteko gurasoetako bat da, eta berak jakinarazi ditu jaialdiaren nondik norakoak. Egunak Gu be zuek gara izango du izenburu, eta egun osoko egitaraua izango du oinarri. Ikastetxeetako ikasleekin egindako 5 kilometroko martxa herriko kaleetan barrena, ile-mozketa solidarioak, jokoak eta eskulanak, tonbola, errifak, hezur muina emateko postua, kontzertuak eta txosnak. Landako Gunean "egundoko ekitaldia" egitea eta "jendetza" batzea gura dute. Del Amok minbizia ikusgai egitera eta gaiari buruz berba egitera deitu du. Alde horretatik, urdin koloreko kamiseta solidarioak ipiniko dituzte salgai, maiatzaren 12an, herritar guztiak kamiseta horrekin soinean ibiltzeko.

Bost familia

La cuadri del hospi elkartea bost familiak sortu zuten, haien bideek Gurutzetako ospitaleko seigarren solairuan dagoen umeentzako unitate onkologikoan elkar topo egin zutenean. Elkarteak esku hartze zuzena egiten du umeen eta gurasoen bizi kalitatea hobetzeko bitartekoak jarrita eta funtsak minbiziaren kontrako ikerketara bideratuta. Elkarteak eragile guztien inplikazioa eskatu du egun erraldoi bat ospatu eta minbizia ikusgai egiteko.Jaialdian baturiko dirua elkarteak martxan dituen proiektuak diruz hornitzeko izango da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!