Telefono kabina zena, liburuak mailegatzeko toki izango da aurrerantzean

Anboto 2024ko api. 23a, 16:12

Zaldibarko Udal Liburutegiak liburuak mailegatzeko gune gisa egokitu du garai bateko telefono kabina. Herritarrek bertan hartu ahalko dituzte liburuak, gero, berriro ere, kabinara bueltatzeko.

Liburuaren Nazioarteko Egunagaz bat eginda, Zaldibarko Udal Liburutegiak egitasmo berezi bat ipini du martxan. Liburuak mailegatzeko toki bat ipini du N-634 errepidearen ondo-ondoan dagoen garai bateko telefono kabinan. Egitasmoaren helburuak bi dira: herritarrei liburuak gerturatuta irakurzaletasuna sustatzea batetik, eta urteetan erabilera barik egon den azpiegiturari bigarren erabilera bat ematea, bestetik.

Kabinak erabilera egoki bat izan dezan, Udal Liburutegiak hainbat argibide eman ditu:

  • Telefono kabinan eskuragarri ipiniko diren liburuak Zaldibarko Udal Liburutegikoak dira. Herritarrek momentuan irakurri edo etxera eraman ahalko dituzte, beti ere, gero, kabinara bueltatzeko konpromisoagaz.
  • Liburutegi-kabinan ez da nork bere etxetik eramandako libururik utzi behar. Udal Liburutegia bakarrik arduratuko da bertan liburuak ipintzeaz.
  • Kabina irakurzaletasuna eta kaleko materialaren berrerabilera sustatzeko egitasmoa da. Bertako materiala zaldibartar guztiena denez, liburuak errespetatzera deitu du Udal Liburutegiak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!