Musika Eskolako teilatua berritzeko eta San Inazioko parkea estaltzeko obrak erremanenteagaz finantzatuko dituzte Durangon

Ekaitz Herrera 2024ko api. 22a, 10:49

Durangoko gobernu taldeak soberakineko 2.668.557 euro erabiliko ditu kreditu aldaketa bat egin, eta aurrekontuan hainbat proiektu txertatzeko. Horien artean daude ortu ludikoetarako lursaila prestatzea, bidegorria luzatzea eta alokairu sozialera bideratuko diren etxebizitzak altzariz hornitzea. 

Durangoko Udalak kreditu aldaketa bat egingo du erremanenteko 2.668.557 euro udal aurrekontuan txertatzeko. Hainbat obra gauzatuko dute kopuru horrekin. Adibidez, Musika Eskolako teilatua berritzeko obra. Eraikineko teilatua aldatzeko aurrekontua 1,1 milioi euro pasatxokoa da. Bada, kreditu aldaketa horri eskerrak, kopuru horretako 958.000 euro finantzatuko dituzte.

Alokairura bideratutako etxebizitza sozialei ere eragingo die moldaketak. Udalak hamasei etxebizitza sozial ditu bere eskura Faustegoiena aldean. Orain arte izandako sei, eta aurrerantzean kudeatuko dituen beste hamar. Azken hauetan altzariak ipini eta egokitzapen lanak egingo dituzte 152.000 euro baliatuta. Aurreikusitako beste obra bat San Inazioko txintxaunak estaltzea izango da. 350.000 euro bideratuko dituzte.

Bi milioi euro eta erdi pasatxoko kopuru honetan beste obra hauek garatzea aurreikusi dute:

  • Pinondo Etxerako kultur etxearen proiektua idaztea (100.000 euro)
  • Bidegorria luzatzea (170.000 euro) eta ikastetxe inguruetan bizikletentzako aparkalekuak egitea (15.000)
  • Kaleak asfaltatzea (100.000)
  • Eguzkitzan ortu ludikoak ipini ahal izateko lurra atontzea (238.000)
  • Andragunean irisgarritasun lanak egitea (45.000)
  • Landako II kiroldegiko klimatizazioa hobetzea (65.205)

Durangoko Udalak ia bost milioi euroko soberakina dauka. Oraingo kreditu aldaketa honegaz 2.668.557 euro erabiliko dituzte. Horrenbestez, beste bi milioi euro pasatxo gordeko dituzte aurrera begirako inbertsioak planifikatzeko. Hor kokatu dute San Faustoko Kapitanenan auzo etxea egiteko proiektua. Mireia Elkoroiribe alkateak auzo etxea egiteko konpromisoa berretsi du, eta kreditu aldaketa hori etorkizunerako gordeta geratuko dela. Jesica Ruiz alkateordeak argitu du auzo etxea egiteko proiektuari ekin baino lehen, aldaketak egin beharko dituztela hari loturiko arlo urbanistikoan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!