San Faustoko auzogunea Kapitanena eraikineko beheko solairuan egingo dute

Anboto 2024ko api. 19a, 15:27

Durangoko Udalak eta San Faustoko auzo elkarteak aukeratu duten proposamenak eraikinaren beheko solairua eranskin batekin auzogune bihurtzea jasotzen du.

Durangoko Udalak eta San Faustoko auzo elkarteak ohar baten bidez iragarri dute auzoan auzogune berria sortzeko 'Kapitanena 2' proposamena aukeratu dutela. Auzogune hori Kapitanena izeneko eraikinaren beheko solairuan ezarriko da, eranskin gehigarri batekin.

Kontuan hartu diren beste aukerak, Kapitanenaren lehen bertsioa (bi solairuko egitura bat), La Terraza tabernaren atzean dagoen lokal berri bat eta Zirarmendieta kalean dagoen lokal bat izan dira. 'Kapitanena 2' proposamena "bere kokalekuak sor dezaken ingurune inklusibo eta moldakorragatik" lehenetsi dute, eta honek eratu dezakeen "gizarte kohesioagatik".

'Kapitanena 2' proiektuaren diseinuak bizilagunen gomendioak jasoko dituela iragarri dute. Horien artean, eranskinera bideratutako espazioa handitzea eta elizarantz bideratzea daude, ingurunearekin harmonian integratzeko eta multzoaren azalera osoa eta kanpoko partzela hobeto aprobetxatzeko. Azken hori haur jolasgunerako erabiliko da, oharrak jasotzen duenez.

Aurreikusten da, adostutako aldaketekin proiektua ezarri ondoren, beste bilera ireki bat egingo dela, bizilagunei aurkezteko. Aldi berean, dagozkion hirigintza-kudeaketak izapidetzen hasiko da udala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!