Durangoko EH Bilduk Correoseko proiektua bideragarri egiteko aukera "ezkutatzea" egotzi dio gobernu taldeari

Anboto 2024ko api. 10a, 18:10

Koalizio subiranistaren esanetan, eraikinari hirugarren solairuko altura jaisteak "bideragarri" egingo zukeen proiektua. "Eraikineko hirugarren solairua jaitsita eta kostu txiki bat gehituta" kultur etxe bat lortu eta "usteltzen dabilen beste erakin bat" berreskuratuko zatekeen "prezio baxuan", azaldu dute ohar bidez.

Postetxe zaharraren geroari buruzko eztabaidak atal berri bat utzi du gaur Durangon. EH Bilduk eraikina kultur etxe bihurtu ahal izateko aukera bideragarria "ezkutatzea" egotzi dio gobernu taldeari. Euren arabera, EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzaren ondareari buruzko txosten bat erabili dute "proiektua bertan behera uzteko aitzakia modura". Diotenez, "eraikina botatzea baino ez dute planteatu", beste aukera bideragarri bat badagoela "ahaztuta". Koalizio subiranistaren iritziz, hirugarren solairuko altuera jaistea litzateke irtenbide bideragarri hori. "Ez dugu ulertzen zelan egin dakiokeen uko 1,5 milioi euroko dirulaguntza bati. Solairu bat jaistearekin kostu txiki bat gehituta ere, kultur etxe bat lortuko genuke prezio baxu batean, eta Durangon usteltzen ari den beste eraikin bat berreskuratuko genuke", adierazi dute ohar bidez. Erabakia "ardurabakokeriatzat" jotzeaz gainera, "errealitatea ezkutatzea" leporatu diote gobernu taldeari.

Pinondo, "sekula beteko ez den promesa"

EH Bilduk "konponbide ilogikotzat" jo du gobernu taldeak Pinondo Etxea eraberritzeko agertu duen asmoa. Garai bateko azpiegitura birgaitzeko "hiru milioi euro baino gehiago" beharko liratekeela esan du koalizioak: "1,5 milioi egitura konpontzeko eta beste 2 milioi barrualdea egokitzeko". Proposamena "sekula beteko ez den EAJren beste promesa bat" dela kritikatu dute.

Horrez gainera, EH Bilduk talde jeltzaleak "hiltzen" utzitako eraikinak zerrendatu ditu: "Ezkurdiko pilotalekua, Muruetatorre dorretxea, Kapitanena, Intxaurrondoko eskola eta Andra Mariko elizpea". "Ez dugu ulertzen EAJk zer duen ondare publikoa berreskuratzearen eta ondare hori herritarren esku jartzearen aurka", bukatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!