“Garrantzitsuena da txosten honek ez dezala izaera politikorik izan edo ez dadila interes politiko bategaz erabilia izan”

Jone Guenetxea 2024ko mar. 22a, 09:00

Gerediagak eta Durango 1936 elkarteak, udalaren babesagaz eta Gogoraren diru laguntzagaz, M31ko bonbardaketetan hildakoak identifikatu dituzte. Zerrendaturiko biktimen azterketaren arabera, hildakoak 213 izan ziren, eta ez 334.

Martxoaren 31n Durangoko bonbardaketak gertatu eta 87 urtera, datu berriak atera dira argitara. Jimi Jimenez (Durango, 1965) historialari durangarrak hiru urtean zehar egindako ikerketak biktimen identifikazioan aurrerapausoak eman ditu. Hilerriko hobi komunen azterketatik abiatuta, bonbardaketetan hildakoen zerrenda gaurkotu du.

Zein testuingurutan egin duzue ikerketa?
Ikerketa hiru fasetan egin dugu. Lehenengo fasean, hobi komunetan, bonbardaketan hildako pertsonen harira egin genuen ikerketa. 84 pertsona horiek identifikatu eta familiekin hartu-emanean jartzea zen helburua. Momentu hartan ikusi genuen azterketa sakonago bat egiteko beharrizana zegoela, pertsona hauengandik haratago. Kontuan izan behar da Durangoko hilerrian 127 pertsona hobiratu zirela. 84 hobi komunetan, eta 43 ehorzleku eta panteoietan, besteak beste. Ikusi genuen ikerketa zabaldu beharra zegoela, Zornotzan, Bilbon eta ospitaleetan hil zirenak gehituta. Bonbardaketan zauritu ziren pertsonak, baina geroago beste leku batzuetako ospitaleetara eraman zituztenak.

Jon Irazabalek eginiko zerrenda hartu duzue oinarri.
Bai, Jon Irazabalek 2001ean egindako ikerketan, bonbardaketako 334 biktima zenbatu zituen hainbat erregistrotan oinarrituta.

Ikerketa hau zelan gauzatu duzu?
Kontuan izan behar da bonbardaketan hildako pertsonen artean asko kanpokoak zirela; gipuzkoarrak, esate baterako. Horregaitik, leku horietako artxiboak kontsultatu behar izan dira. Gainera, gudari kopuru handi bat zegoen eta horiek lokalizatzeko beste iturri batzuk aztertu behar dira: batailoien nominak, esate baterako. Durangon zeuden unitate militarrei buruzko informazioa aztertu behar izan da.

Deigarria da biktima kopurua. Jon Irazabalek eginiko hasierako zerrendatik aldaketa asko egin da.
Jende asko, hasieratik zerrenda ofizialetan eta prentsan agertu zena, beste egoera batzuetan hil zen. Ez ziren zuzenean bonbardaketaren ondorioz hil. Beste bonbardaketa batzuetan edo frontean hil ziren; Aramaioko eta Otxandioko fronteetan, esate baterako. Otxandioko trintxeretan zeuden batailoikoak ezin izan ziren hemen hil. Kontuan izan behar da martxoaren 31koak ez zuela Durangon bakarrik izan eragina. Elorrioko, Elgetako eta Otxandioko fronteetan ere izan zuen eragina. Gerraren eraginez hil arren, ez ziren bonbardaketako biktimak. Ez duguna eztabaidatuko da intentzionalitaterik zegoen zerrenda handitzeko, edo transkripzio akats bat izan zen, edo momentuko kaosaren eragina.

Zenbakietara itzulita, ikerketa honetan zerrendatik atera den hainbat pertsona dago, baina batzuk, zerrendan orain arte egon ez direnak, bonbardaketaren biktima modura sailkatu dituzue.
Bai, ikerketan zehar 16 pertsona azterketara batu dira. Beste 13 identifikatu barik daude, izenik barik daudenez ezin delako jakin nortzuk diren. Azken hauek Jon Irazabalen zerrendan ere agertzen dira.

Abadiñoko bonbardaketan hildako lau pertsona ere zerrendan daude.
Irazabalen zerrendan ere bazeuden. Gai honek zalantza planteatu zigun ikerketan. Mantentzea erabaki genuen, bonbardaketak ez duelako herrien arteko mugarik errespetatzen. Kontuan izan behar da Durangoko bonbardaketa Matienan hasi zela. Biktima batzuk Traña-Matienako baserrietan hil ziren, euren etxeetan. Argi duguna da martxoaren 31 hartan eskuadrilla italiar bi banatu egin zirela. Bata Durangora etorri zen, eta bestea Elorriora. Beraz, Abadiñoko lau biktimak Durangora etorritako eskuadrillaren erasoen eraginez hil ziren.

Hiru urtean eginiko lanaren ondoren, ikertzen jarraitzeko beharrizana azpimarratu duzue. Zer geratzen da aztertzeko?
Asko geratzen da ikertzeko, zentzu askotan. Esate baterako, nortzuk dira identifikatu barik dauden 13 pertsona horiek? Abadiñon abiatzen den bonbardaketaren hasiera horretako biktimak lau dira ala ezagutzen ez dugun biktima gehiago dago? Horregaitik, ikerketa Abadiñon egitea beharrezkoa da. Adibidez, Elorrioko bonbardaketako bost biktima Durangokoaren zerrendan agertzen ziren. Durango eta Elorrio agente diferenteen erasoen ondorioz bonbardatu zirela aztertu eta gero konturatu ginen horretaz.

Gaurkoturiko zerrenda honetan agertzen diren biktimen %74 zibilak izan ziren. Zure ustez, erasoak zein helburu izan zuen?
Zibilen kontrako erasoa izateaz gainera, Durango geografikoki estrategikoa zen. Tropak frontera eramateko bidea zuen. Trenbide linea zuen fronteak hornitzeko. Gainera, Durangaldean gudarien populazio handia zegoen. Durangon 8 kuartel zeuden, eta lau-bost Elorrion. Unitate militar ugari zegoen frankistek frontean aurrera egin ez zezaten.

Deigarria da 87 urte pasatu eta gero oraindino ez dakigula Durangon eta inguruetan zehatz-mehatz zer gertatu zen. Zer pentsatu ematen du.
Dena isiltasunera mugatzen dela esango nuke. Lehenengo urteetan ezin zen esan faxistek egin zutela bonbardaketa, hauek ez zutelako egiletza onartzen. Eta erasoa gorriei, asturiarrei zein errepublikarrei egozten zieten. Honi gehituko nioke bonbardaketak zibilei eragiten dien momentuan ezin dela bereiztu ez erlijiorik ez ideologia politikorik. Honek guzti honek isiltasun itzelagaz estali du gaia. Familiek bazkari batean komentatzen zuten gaia zen, baina ez zeuden prest elkarrizketak emateko. Jon Irazabalek bere azterketan izan zuen zailtasunetariko bat horixe izan zen. Kostatu egin zitzaion lekukotzak aurkitzea.

Eta hemendik aurrera zer?
Garrantzitsuena da txosten honek ez dezala izaera politikorik izan edo ez dadila interes politiko bategaz erabilia izan. Hartara, jendeak lasaiago berba egingo du gai honetaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!