Durangoko M31ko bonbardaketetan zerrendatutako biktimen azterketa baten arabera, hildakoak 334 beharrean 213 izan ziren

Anboto 2024ko mar. 20a, 08:19
Argazkia: Gerediaga Elkartea.

Gerediaga eta Durango 1936 elkarteek udalaren babesagaz eta Gogoraren dirulaguntzagaz hiru urteko ikerketa egin dute. Banan-banan, biktima bakoitzaren identifikazio lana egin dute, lekukotzetan oinarrituta, argitaratutako zerrendak aztertuta eta artxibo ezberdinetan arakatuta.

Durangon 1937ko Martxoaren 31n gertatutakoaren inguruan datu berriak ezagutzera eman dituzte, 87 urte eta gero. Gerediaga eta Durango 1936 elkarteek Durangoko Udalaren babesagaz eta Gogoraren dirulaguntzagaz hiru urteko ibilbidea egin dute bonbardaketaren inguruan azterketa eginez. Jimi Jimenez historialari durangarra izan da ikerketaren arduraduna. Hasierako fasean, hilerriko hobi komunen inguruko azterketa egin zuten. “Lehen ikerketa horren ostean, Durangoko bonbardaketan hildakoak aipatzen ziren zerrendak aztertu beharra ikusi genuen, eta horretan ibili gara beste bi urte”, azaldu dute ikertzaileek prentsa oharrean. Ikerlanerako oinarria Jon Irazabal historialariak 2001ean argitaratutako liburuan jasotzen dituen 334 biktimak izan dituzte. Era berean, Eusko Jaurlaritzak 1937an kaleratutako bonbardaketetako biktimen txostena ere oinarri izan dute. Irazabalek egindako aurreko azterketan hainbat zailtasun izan zituela gogora ekarri dute: “80ko hamarkadan bidea ez zen erreza izan. XX. mende amaierara arte iraun zuen isiltasuna eta hitz egiteko beldurra traba handiak izan ziren”.

Biktimen identifikazioa
Ikerketan baieztatu ahal izan dutenez Martxoaren 31ko biktima kopurua 213 izan da. Horien artean daude, oraindik, ezezagun jarraitzen duten 13 pertsona. “Orain arte Durangoko bonbardaketetako biktimatzat genituen zenbait ez dira egun horretako biktimak, nahiz eta batzuk gerrako biktima izaten jarraitzen duten. Aztertutako zerrendetatik 77 izan dira beste kausa batzuen ondorioz hil zirenak”. Bestalde, beste pertsona batzuk zerrendara gehitu dituzte. “Biktima askoren identifikazioa txarto egin zen. Erregistro ezberdinetan arakatuz, biktima askoren izen-abizenak zuzendu dira. Identifikazio berriak ere egin dira: 16 guztira. Eta errepikatutako biktimak ere aurkitu ditugu, arrazoi ezberdinengatik birritan kontatuta”, gehitu dute ikerlariek.

Biktimen izaerari dagokionez, 1937ko martxoaren 31n Durangoko bonbardaketetan hildako %74 zibilak izan ziren, horietatik %65 emakumeak, 16 urtetik beherakoak %15 eta 60 urtetik gorakoak %17. Beste %26 Euzko Gudarosteko batailoi ezberdinetako gudariak ziren, eta 19 eliztarrak (tartean Santa Susana komentuko 14 monja). Ikerketa burutu duten elkarteek diotenez, “datu hauek frogatzen dute azpiegitura estrategikoak suntsitzeaz gain, populazio zibilaren kontrako eraso garbia izan zela, herritarrak izutzeko helburuarekin”.

Zerrenda oraindik zabalik dagoela nabarmendu dute azterketaren bultzatzaileek: “Abadiñoko bonbardaketetan hildako lau pertsona identifikatu direla aintzat hartuta, 1937ko martxoaren 31n, Abadiñon zer gertatu zen aztertzea eta gerra garaiko azterketa sakonagoa egitea komenigarritzat jotzen dugu”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!