“Diseinuen atzean matematika apur bat eta proportzioen zainketa bat ere badago”

Joseba Derteano 2024ko mar. 19a, 08:58

Jose Real, bere diseinu bategaz. Picalagartos

Sormen senari arkitekturako jakintza gehitu, eta The Real Studio da emaitza. Plastiko birziklatuagaz lan egiten dute eta diseinuak 3Dko inprimagailuan inprimatzen dituzte. Lanparak dira euren produktu izarretariko bat, H-Lamp lanpara kasu. Jose Real The Real Studioko sortzaileak berbaldia emango du Berdeago azokan.

H-Lamp lanparak harrera ona izan du.
Bai, sortu zenetik bertatik harrera ona izan du, egia esanda. 2013an, Madrid Design jaialdirako aukeratu zuten eta Picalagartos jatetxeko gelak argitu zituen jaialdiak iraun zuen artean. 

Idazmahaia antolatzeko duzuen diseinua ere deigarria egin zait.
Manex Bilbaogaz elkarlanean eginiko proiektua da. Bere zirriborroa abiapuntu hartuta gauzatu genuen. Gustura gaude emaitzagaz. Asteon bertan, Cuencako (Gaztela-Mantxa) eta Salouko (Katalunia) denda banatara eskaerak bidali ditut. Lankidetzan aritzea gustuko dut; besteengandik ikasi egiten da eta, beharbada, besteek ere ikasiko dute nigandik. Esaterako, Bilboko Alejandro Gonzalez zeramikariagaz lankidetzan nabil orain. Besteengana zabaltzea garrantzitsua eta interesgarria dela uste dut. 

Arkitektoa zara eta arkitekto berba buruan dugunean eraikin handiak etortzen zaizkigu gogora.
XX. mende hasieran, arkitektoak denerik diseinatzen zuen, ez etxeak bakarrik; baita lanparak ere, ateak, ateetako heldulekuak eta abar. Gerora mundu biak, diseinatzaileena eta arkitektoena, banatu egin ziren, baina azkenaldian berriro elkar hurreratzen ari dira eta arkitekto asko diseinugintzan gabiltza. 

Diseinatzerako orduan, zeintzuk alderdi hartzen dituzu kontuan?
Niri, etxean edo ofizinan, zer izatea gustatuko litzaidake? Eta zelakoak izatea gura nuke? Galdera horiek egiten dizkiot neure buruari. Horixe da abiapuntua. Gero, buruan duzuna irudikatu beharra dago. Lehenengo paperean, eta ondoren ordenagailuan. Hilean behin arkitektura eskolak ematen ditut Madrilgo Nebrija unibertsitatean, eta ikasleei beti esaten diet ordenagailuaren aurretik arkatza datorrela. Azkenik, arkitektoa naizen aldetik, proportzioak zaintzea gustatzen zait. Beharbada jendeari horregaitik ari zaizkio gustatzen gure produktuak; diseinuen atzean matematika apur bat eta proportzioen zainketa bat ere badago. 

Plastiko birziklatua darabilzu lanak egiteko.
Bai, ez nuen plastiko toxikorik erabili gura, hori argi nuen. Urtebete daramat plastiko birziklatuagaz ia bakarrik lan egiten, edo birziklatu daitekeen plastikoagaz. 

Ekoizpenari dagokionez, 3Dko inprimagailua izateak besteen menpe ez egotea ahalbidetzen dizu?
Bai. Nire lehenengo ardura inoren menpe ez egotea zen. Horregaitik inprinatzen dut 3Dko inprimagilu batean. 3Dko inprimatzea ez da berria. Ikasleei 3Dko lehenengo inprimagailuaren argazkia ipini, eta zein urtekoa den galdetzen diet. Uste duten baino lehenagokoa da, 1983koa, hain zuzen ere. Nahiko aspaldikoak dira. Harrezkero, teknologia asko hobetu da eta prezioa ez da hain garestia. Honek interesgarria den beste mugimendu bat sortzea ekarri du: batzuek diseinua salgai edo doan ipintzen dute Interneten, eta gura duenak diseinua eskuratu eta bere etxean inprimatu dezake. 

Zeri buruzkoa da Berdeago azokan emango duzun berbaldia?
Berbaldian, nire lanpara biren diseinua konparatuko dut. Batek oso ondo funtzionatu du merkatuan, eta besteak ez hain ondo. Horren arrazoiak azaltzen ahaleginduko naiz.


H-Lamp lanpara. Sofy Soda

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!