Diseinuan funtzionalitatea ezinbesteko ezaugarria dela uste duzu? Horixe da Manex Bilbao Studioren oinarria?
Bai. Diseinua aipatzean, artean pentsatzen dute askok. Pieza izugarri konplikatua etortzen zaie gogora. Baina artea artistagaz bat datorren moduan, diseinuak erabiltzaile bategaz bat etorri behar du. Nik ez dut neuretzat diseinatzen, baina artistak berarentzat eta bere ikuspegitik sortzen du. Ez da berdina arkitekturarako mahai bat, 6-8 laguneko familia batentzako mahai bat edo 4tik 8 urtera bitarteko ume batentzako mahai bat diseinatzea. Kasu bakoitzean, funtzioa bat da. Nork fabrikatuko duen, zein prozesu eta material erabiliko diren, kostuak, erabiltzaileak.... kontuan hartu behar dira. Eta, jakina, alderdi estetikoa ere bai. Diseinua hainbat industria arlora eramatea gura nuke, funtzionaltasunaren eta estetikaren uztarketa lortzeko lokarri izatea enpresetan.
Valentzian zeure estudioa sortzea erabaki zenuen orain hiru urte. Zerk eroan zintuen hara?
Diseinu Ingeniaritza ikasketen azken urtea Milanen (Italia) egin nuen. Han ikusi nuen diseinuak funtzionaltasuna eta estetika uztartzen dituela, eta uztarketa horrek sorturiko ikusminak bultzatuta etorri nintzen Valentziara. Bategite horretan oinarrituriko diseinua balio erantsia izan daiteke produktu batean, eta hori landu gura nuen, arlo guztietara zabalduz. Ia sei urte daramatzat Valentzian.
Zelakoa izan da orain arteko bidea?
Pozik gaude. Oraindino lehenengo eguneko gogo berdinagaz nago. Diseinuaren mundua ez da erraza. Badaude izen handiko diseinatzaileak, eta, zerotik hastean, enpresa handiek zugan konfiantza izatea ez da erraza. Gogo handia ipini behar da, baina oso pozik nago eginiko aukeragaz. Egunetik egunera asko disfrutatzen dugu. Egurragaz, zeramikagaz, metalagaz, beiragaz... lan egitea ez da gauza bera, eta enpresa bakoitzak bere lan egiteko moduak ditu. Proiektu bakoitza erronka berri bat da. Horixe da gure egunerokoa, eta bizipoza ematen digu. Enpresa handiekin ez ezik gertuko artisauekin ere lan egiten dugu.
Etortzen zara Durangora?
Normalean, hile birik behin joaten naiz. Bertan ditut sustraiak, eta oso gogoan dut. Gainera, Euskal Herriko natura inspirazio iturri handia da. Diseinaturiko azken mahaiak Zumaiako flyscha du oinarri.
Donostian egon berri zara, pieza bat aurkezten.
Iori Hontegaz batera, Escapo markarentzat eginiko loreontzia aurkeztu dugu Loreak Mendian dendan. Hala ere, kasu honetan, arte pieza bat sortzen ahalegindu gara, funtzionaltasuna ere garrantzitsua den arren. Loreak izango duen besteko garrantzia eman gura izan diogu loreontziari ere. Eferbeszentzian oinarritu gara eta burbuilen batasun horregaz jolasean ibili gara hainbat barrunbe sortzeko. Artistikoa den pieza batek hainbat funtzio betetzea bermatu gura izan dugu. 3Dn inprimatuta dago. Birziklaturiko plastikoa erabili dugu, metalezko kapa mehe batek estalita.
Material birziklatua erabiltzen duzu?
Bai. Orain gutxi, kafearen hondarrekin eginiko loreontzi bat diseinatu genuen. Bartzelonako Sarsey markagaz eginiko proiektua da. Trataturiko kafe hondarra, portzentaje txiki batean, plastikoagaz nahastu dugu. Bestalde, eraitsitako eliza bateko egurragaz eginiko mahai bat eta birziklaturiko beiragaz sorturiko lanpara bat lantzen gabiltza, adibidez. Material horiek zelan jokatzen duten ikustea gustatzen zait, horregaz lan egitea.
Baduzu erreferentziarik?
Valentziako Yonoh estudioren lana oso inspiratzailea da. Eta Dieter Rams industria diseinatzailea asko gustatzen zait. Karim Rashid diseinatzailearen eta Zaha Hadid, Le Corbusier eta Mies Van de Rohe arkitektoen lanak ere oso gogoko ditut.