Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egindako lana aitortzeko Zirgari Sarien IX.aldia egin zuten atzo, Bilbon. Hiru sari banatu zituzten eta euretako bat Durangoko Andereak elkartearentzako izan zen; berdintasunaren aldeko erakundearen saria, hain zuzen.
Sari banaketa ekitaldian Andereak elkarteak "kontzientziazioan, emakumeen ahalduntzean eta sentsibilizazioan" egindako lana azpimarratu zuten. "Agerpen handia du erakunde publikoetan, eta lurraldeko eta tokiko sareetan parte hartzen du".
Beste bi sari ere banatu zituzten: Begoña Murgialday-k Ohorezko Saria jaso zuen eta 'Mujeres con Ciencia' blogak berdintasunaren aldeko proiektuaren saria.
Itziar Lazkano aktoreak gidatu zuen ekitaldia eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Teresa la Espada Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko diputatuak parte hartu zuten, besteak beste.