Dendak Bai Fest-ek 15.000 lagunetik gora batu zituen Landako Gunean

Anboto 2024ko mar. 7a, 08:35

Dendak Bai Fest-en aurtengo aldiko irudia. (Argazkia: Dendak Bai)

Joan zen asteburuko ekitaldiak tokiko merkataritza sareko 40 salgune batu zituen.

Dendak Bai-k, Durangoko eta Iurretako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak biltzen dituen elkarteak, Dendak Bai Fest antolatu zuen joan zen asteburuan Landako Gunean. Antolatzaileek ekimenaren balorazio egin eta hiru egunetan "15.000 pertsona baino gehiago" bertaratu zirela azpimarratu dute.

Dendak Bai Fest ez zen izan outlet azoka bat soilik, herrian aurki daitezkeen sektore eta establezimendu mota desberdinak giro bakar batean uztartzen zituen esperientzia bat baino. Ildo horretatik, ekimenean lehenengoz parte hartu zuen Wabi Sabi Viajes agentziako Elena Ugartek honakoa adierazi du: "Nire marka eta agentzia ezagutzera emateko eta ikusgarritasuna emateko joan naiz, eta hori lortu dudala uste dut. Kontaktuak egin ditut eta niretzat lankideak eta tokiko merkataritza ezagutzeko balio izan du."

Oro har, parte hartu duten establezimenduen artean "gogobetetzea orokorra" egon dela azaldu dute Dendak Bai-ko kideek. "Ekitaldi oso horretan parte hartzeak dituen abantailen artean, parte-hartzeak ematen dien ikusgarritasuna eta publizitatea nabarmentzen dira, baita sektoreko lankideekin denbora ezagutzeko eta partekatzeko aukera ere".

Ekimenaren harira, zozketak ere egin zituzten, atxikitako establezimenduetan gastua egiten zutenen artean. Zozketan 900 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten eta euretako 13 pertsonek sariak jaso zituzten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!