Durangoko Kulturalak zozketa solidario bat antolatu du haur minbiziari aurre egiteko dirua biltzeko

Anboto 2024ko ots. 29a, 13:14
Durangoko Kulturaleko gazteen taldea.

Zapatu honetan izango da, gazteen Ohorezko Mailako Kulturala-Athletic partiduan. Bildutako diru guztia La Cuadri del Hospi elkarteari emango diote.

Durangoko Kulturalak ekimen berri bat jarri du martxan, zozketa solidario baten bidez, haur eta gazteen minbiziari aurre egiteko dirua biltzeko. Horrela, zapatu honetan, 18:00etan, gazteen Ohorezko Mailan jokatuko den Kulturala-Athletic partiduan saski berezi bat zozkatuko dute Durangoko establezimendu eta saltokien lankidetzari esker, eta bildutako diru guztia La Cuadri del Hospi elkartearentzat izango da.

Saski solidarioak askotariko produktuak biltzen ditu: kafea, gazta, txuletak, arraina, pastak, ardoa... eta sarrera bikoitza Athletic-Deportivo Alavés partidurako. Derbia martxoaren 16an —zapatua— 21:00etan jokatuko da. 

Errifak gaur arratsaldetik aurrera egongo dira eskuragarri Tabirako futbol-zelaiko tabernan, euro bakar baten truke, eta partida baino ordubete lehenago ere salduko dira, zapatuan. Zozketa partiduaren atsedenaldian egingo da.

Klubetik "denok Tabirara" joateko deia egin dute, ohar batean. Horrekin, batera, gogoratu dute maiatzaren 12ko elkartasun maratoirako 'Gu be zuek gara' izeneko kamisetak ere eskuragarri daudela. LOTURA HONETAN eskuratu daitezke.

Asteburuko ekintza solidarioa Cafés Baque, Bar Anboto, Olabegojeaskoetxea Harategia, Cantábrico Arraindegiak, Gozatu, Bar Uda Berri, Frutería Alfredo, Ambigú Tabira eta Athletic-en laguntzari esker egingo dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!