Luis Iturriozen hamabost kirol argazkirik onenak ikusgai, Durangoko Jai Berri tabernan

Anboto 2024ko ots. 23a, 09:54

Jai Berri tabernan ikusgai dagoen erakusketako argazki batzuk.

Gaur ireki dute erakusketa. Argazkien salmentatik jasotako dirua Geu Be elkarteari emango diote.

Argazkigintza pasio du Luis Iturriozek eta arraroa da kirol ekitaldiren bat kubritzen ez duen asteburua. Milaka argazkik osatzen dute bere artxiboa. Bada, azken asteetan artxibo oparo horretako 15 argazki aukeratu ditu. "Zoratzeko moduko" lana, bere esanetan. Baina eginda dago eta gaur erakusketa ireki du Durangoko Jai-Berri tabernan. 50X40 zentimetroko neurria duten argazkiak hilabetean egongo dira ikusgai.

Futbola, errugbia, txirrindularitza, hipika, harri-jasotzea… eta kirol gehiagotako une bereziak ikusi daitezke argazkietan. Gehienek eskualdeko kirolariak dituzte protagonista.

Helburu solidarioa

Ekimenak helburu solidarioa du. Erakusketa amaitzean argazkiak salgai jarriko ditu, 30 euroan bakoitza, eta batutako dirua Geu Be elkartearentzat izango da. Cafes Baqué ekimenaren babeslea da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!