"Kiroletako argazkietan momentua harrapatu behar da, ezin da itxaron"

Aitziber Basauri 2021ko eka. 26a, 10:20

Kontaezinak dira Luis Iturrioz (Durango, 1965) eta Zuriñe Jauregi (Abadiño, 1966) senar-emazteek etxean gordeta dituzten argazkiak. Maila gorenean lehiatutako txirrindulari eta futbol jokalarien argazkiak ditu Luisek. Kirola eta argazkigintza, afizio biak uztartzea lortu du. Bestalde, Zuriñek ia 20 urtean lan egin du argazkilari lez Argazkari dendan. Ia 20 urtean Durangoko Pasioaren argazkiak atera dituzte.

Luis, argazkilaritza eta kirola eskutik helduta joan dira zure kasuan.
Luis: Bai. Argazkizalea eta kirolzalea izan naiz beti; batez ere, txirrindularitza zalea naiz, inoiz txirrindularia izan ez arren. Sabino Angoitia, Alonso, Marino Lejarreta... ikustera joaten nintzen lasterketetara eta, bide batez, argazki-kamera eramaten nuen. 16-18 urte izango nituen. Argazki haiek non diren ere ez dakit... Oroimen politak dira argazkiak.

Zuriñe, zure kasuan argazkigintza ogibidea izan duzu urte askoan. Lehia apur bat sortuko da bion artean...
Zuriñe: Asko eztabaidatzen dugu (barrez). Baina ez dago lehiarik.
Luis: Argazkigintza artistikoan aritu da Zuriñe. Kiroletako argazkietan momentua harrapatu behar da, ezin da itxaron. Horregaitik eztabaidatu dugu. Jokaldian, jokalariarengan.. horretan guztian arretari eustea da gatxena.
Zuriñe: Kirola bera, jokaldia, ezagutu behar dira. Nik aurpegiera, espresioa topatu behar izan dut. Hasselblad kamera bategaz lan egin dut: 12ko argazki-filmagaz, eta argazki guztiak ondo atera behar ziren. Argazkia ondo prestatzen genuen, ez zen orain lez kliska egiten. Erretratuak egitea gustatzen zait gehien.

Asko aldatu da argazkigintza.
Zuriñe: Bai. Analogikoan lan egin dut, eta aro digitalak abantaila asko ekarri duen arren, uste dut esentzia galdu egin dela neurri batean. Pena apur bat ematen dit, amorrua ere bai. Ematen du denak balio duela, askotan ez da argazkia zaintzen.

Luis, makina bat Espainiako Vuelta jarraitu dituzu argazki kameragaz.
Luis: Bospasei Vueltatan joan naiz txirrindularien atzean argazkiak egiten, Anton Barrutiagaz joaten nintzen. Anton txirrindularia, talde zuzendaria eta medikuaren autoko gidaria izan zen. Lasterketa burua ikusteko aukera genuen. Bizpahiru egun egiten genituen.

Lehen mailako futbolarien argazkiak ere badituzu.
Luis: Bai. Eibarko eta Athleticeko jokalarienak, batez ere. Gipuzkoa Basketen partiduren bateko argazkiak ere baditut. Entxufeak izan ditut baimenak lortzeko. Unea bizi dut, disfrutatu egiten dut! Horrez gainera, Zornotza Saskibaloi taldea, Tabirako, Kulturala, Sasikoa, Ibaizabal eskubaloi taldea edo DRT jarraitzen ahalegintzen naiz. Atletismoa eta padela ere bai. Herriko elkarteekin elkarlanean aritzen naiz.

Zein argazki duzue bereziki gogoan?
Luis: Espainiako Vueltan Markel Irizarri egindakoa, Oizen. Laguna dut eta emozio handiagaz bizi izan zuen momentu hura, oilo-ipurdia ipini zitzaion. Espainiako ligako jokalaririk gazteena zela Muniainek sarturiko lehenengo golaren irudia eta Kulturala mailaz igo zenekoak ere baditut. Bestalde, 50 urte egin nituenean, Frantziako Tourraren azken etapan akreditatuta egon nintzen, helmugatik 400 metrora. Familiaren eta lagunen oparia izan zen. Itzela!

Pentsatu duzu inoiz ogibide bihurtzea?
Luis: Nire airera ibiltzea gustatzen zait, presiorik barik, eta lanbide bihurtuz gero ezingo nuke berdin disfrutatu.

Zuriñe, emango diguzu sekreturen bat argazki on bat ateratzeko?
Zuriñe: Ez dut uste sekreturik dagoenik. Konstantzia behar da. Garrantzitsuena argia izan liteke. Horrek ematen dio bizia argazkiari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!