Mobidurango zerbitzua ez da berria. 2019ko abenduan ipini zuten martxan. Eta une hartatik honako bideak fruituak eman dituela egiaztatu dute oraingo honetan. Iaz, 200 bat durangarrek jo zuten egitasmora, norbere neurri eta beharrizanei begirako ariketa fisikoa lantzen hasteko. Bertaratuen %80k Osakidetzako osasun zerbitzuek gomendatuta jo zuten zerbitzura. Medikuak, fisioterapeutak edo buru osasuneko profesionalek halantxik proposatuta. Gainerakoak Durangoko Adinekoen zerbitzutik eta Andragunetik iritsi ziren, eta izan zen Mankomunitateko Zaindu zerbitzutik gerturatu zenik ere. Egitasmoaren bultzatzaileek bide horri jarraitu gura diote aurrerantzean ere, "kirola egitea bizimodu osasuntsu baterako tresna" dela oinarri hartuta. Dalda Baraiazarra Eusko Jaurlaritzaren Mugiment programako arduradunetako bat da. Eguerdi honetan azaldu duenez, "bilaketa lana" egitea da haiena. "Osasun arloko profesionalekin lan egiten dugunean, patologiak dituzten zein ez dituzten herritar inaktiboak detektatzen ditugu. Horiek kirol zerbitzuetara deribatzea da gure lana", azaldu du. Mireia Elkoroiribe alkateak instituzioen arteko "elkarlana" goraipatu du, Mobidurango programaren baitan Osakidetzak eta Durangoko Udalak esku hartzen dutela-eta. "Zerbitzua oso emaitza onak uzten dabil. Osakidetzaren, Andragunearen eta Adinekoen zerbitzuaren koordinazioari eskerrak ariketa fisikoan orientatzen ditugu herritarrak", azaldu du alkateak.
Testak eta sei hilabeteko esku hartzeak
Zerbitzua fruituak ematen dabilela eta, inbertsio berriak egin dituzte. Urrien Finlandian diseinaturiko makina berri batzuk ekarri zituzten Landako II kiroldegira, horiekin, herritarren jarduera fisikoa diseinatzeko. Ibon Bilbao Mobidurango egitasmoko teknikaria da. Eta azaldu duenez, makinetan "hasierako testak" egiten dituzte, ondoren, herritarrei, "sei hilabeteko ariketa plan indibiduala egin eta sei hilabeteko esku hartzea" egiteko. 2023ko urritik abendurako tartean honako zenbaki hauek lortu dituzte: "Testetan ageri diren datuen arabera, zerbitzuan izena emandakoen indarra %59 hazi da. Mugikortasuna %18. Eta patologiak dituztenen artean, minarekiko pertzepzioak %53 egin du behera", azaldu du.
Elkoroiribe alkateak zerbitzuan izena ematera animatu ditu herritarrak. Gogoratu du astelehenetan Nagusien Etxean egoten direla, eta barikuetan, berriz, Andragunean. Erabiltzaileetako batzuk leku horietan bietan hasi ohi dira programarekin esku hartzen. Landako II kiroldegian eskatu daiteke informazio gehiago.