Osasun zentroan "inaktibitate fisikoa izan dezaketen pazienteak identifikatu, eta haien esku ipiniko dira aktibitate fisikoari buruzko informazioa eta aholkularitza zerbitzua" azaldu du Jaione Aranak, aurrerantzean Durangoko Landakoko osasun zentroan aktibitate fisikoari buruzko aholkuak eskainiko dituen orientatzaileak. "Elkarrizketak izango dira pazienteekin, horregaz, gero, aktibitate fisikoari lotutako plangintza bat markatzeko".
Aktibitate fisikoak osasun egoera hobe bat izaten laguntzen duenez baldintzatzen duenez, herritarrak aktibo izatera bultzatu dute osasun saileko teknikariek. "Aktibitate fisikorik ez egiteak handigotu egiten gaixotasunak, tumoreak edo depresioak izateko arrisku faktoreak", azaldu du Enar Ortuondok, Eusko Jaurlaritzako osasun saileko teknikariak.
"EAEko herritarren %40 inguruk ez du inolako aktibitate fisikorik egiten"
Aktibitate fisikoaren onurez eta beharrez egin du berba Alex Gonzalezek, Eusko Jaurlaritzako Mugiment programako kideak. "Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren %40 inguruk ez du inolako aktibitate fisikorik egiten. Emakumeak dira aktiboenak, eta zailtasunik handiena familia eta lana bateratzeko adinean izaten dira". Gogora ekarri du, gainera, gaur gaurkoz, aktibitate fisikorik ez egitea heriotzak eragiten dituen faktoreen artean laugarrena dela.
Edozein mailatako eta edozein adin tarterako zerbitzua
Udal ordezkariek ere herritarrak bultzatu dituzte aktibitate fisikoa egitera. Marian Bilbatua EH Bilduko zinegotziak azaldu du Durangorentzat garrantzitsua dela "herritar aktiboak" izatea, horrek "bizi-kalitatea hobetzea" dakarrelako. Gainera, ariketa fisikoa osasunari lotuta egoteaz gain, "sozializaziorako" tresna ere badela aipatu du.
Julian Rios Herriaren Eskubidea taldeko zinegotziak ere esan duenez, aktibitate fisikoa ez dago soilik lehiakortasun probetara lotuta. "Bidegorritik paseatzea, umeegaz ibilaldiak egitea, kirola partekatzea, kalean egitea,... hori ere bada aktibitate fisikoa" azaldu du.
Zerbitzua, non eta noiz
Abenduaren 3tik aurrera hasiko dira zerbitzua eskaintzen. Landakoko osasun zentroan martitzenetan (10:00 - 13:00 bitartean) eta eguenetan (14: 00 - 17:00 bitartean) egongo da zerbitzua. Kurutziagako nagusien zentroan ere eskainiko da zerbitzua. Baita San Fausto auzoan (udalaren lokalean) eta Aramotz auzoan ere (Herria elkartearen lokalean). Informazio gehiago mobidurango@durango.eus helbidean eta 607372668 telefonoetan eskuratu daiteke.