Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du tren geltokiaren lurretako proiektuaren legez kanpoko izaera. Durangoko gobernu taldeak, baina, argi utzi gura izan du epai horrek ez diola ezelan ere eragiten gaur egun trenbidearen lurrak berreskuratzeko martxan daukan proiektuari. Azpimarratu dutenez, auzitegiaren epaiak duela hainbat urte hasitako Urbanizazio Proiektu hari egiten dio; ez, aldiz, gaur egun eskuartean daukaten proiektuari: "Gaur egungo gobernu-taldea legeladi haseiratik ari da lur horiek berreskuratzeko eta urbanizatzeko proiektua garatzen. Bide horretan, 2023ko amaieran akordio bat lortu zuen Euskal Trenbide Sarearekin, Durangok trenbidearen lurrak berreskuratzeko eta urbanizatzeko oinarriak ezartzeko. Horren arabera, "proiektuan etxebizitza tasatuko erregimeneko etxebizitza babestuaren % 20 gehiago" txertatu dituzte, "herriko ondare historikoa babestuta". Hala nola, "San Agustingo ospitale zaharra eta Pinondo Etxea, ez baitira erabiliko zuzkidura-bizitokietarako".
Mireia Elkoroiribe alkateak "herritarrak ez nahasteko" eskatu dio Herriaren Eskubideari. "Gogorarazi gura dut Durangoko Udalak ez ziola aurka egin Herriaren Eskubideak aurkeztutako epaiaren apelazioari, eta, beraz, ez dugu parte hartu orain hizpide dugun kasazioan. Legegintzaldiaren lehen egunetik ari gara proiektu honetan lanean, eta alderdiei zein herritarrei Euskal Trenbide Sarearekin (ETS) lortutako akordioen berri ematen diegu", azaldu du alkateak.