Durangoko osasungintzaren egoera "jasangaitza" dela salatu dute DOPAk deitutako kontzentrazioan

Anboto 2024ko ots. 13a, 13:11
Gaurko kontzentrazioko irudia.

Herriz herri dauden plataformak datorren zapatuan batzartuko dira. Martxoaren 16an Bilbon, Donostian eta Gasteizen manifestazio bana egitea pentsatzen dabiltza.

DOPAk, Durango Osasungintza Publikoaren Alde izeneko plataformak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur Durangoko Osasun Zentroaren aurrean. Bertan DOPAko kideek iragarri dute herriz herri "kalitatezko osasungintza publikoa" eskatzeko sortuta dauden plataformek batzar bat egingo dutela datorren zapatuan, otsailaren 17an. Horrez gainera, aurreratu dute martxoaren 16an Bilbon, Donostian eta Gasteizen manifestazio bana egiteko aukera mahai gainean dagoela.

DOPA plataformaren ustez "jasangaitza" da Durangoko osasungintza publikoaren egoera. "Osakidetzak lehen mailako arreta eta larrialdiak berriro eten ditu. Durangon ez dira oporretan edo bajan dauden pertsonak ordezkatzen". Gabezia gehiago ere salatu dituzte. "Hilabete itxaron behar dugu familiako medikuekin hitzordua izateko, gutxienez bi mediku gehiago behar direlako. Larrialdietan, denborak bizitzak salbatzen dituenean, askotan mediku bakarra egoten da. Ondorioz, ez dago etxez etxeko edo adinekoen egoitzetara asistentziarik, eta ordubete baino gehiago itxaron beharko da osasun arreta jasotzeko. Eta espezialistentzako itxaron-zerrendak urtebetera artekoak dira".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!