DOPA jaio da, Durangon "osasungintza publikoa defendatzeko" plataforma

Ekaitz Herrera 2023ko ira. 26a, 11:18

Osasun arreta "publikoa, unibertsala eta doakoa" defendatzeko asmoz, Durangoko hainbat elkartek eta mugimenduk antolamendu berri bat sortu dute.

Goiz honetan DOPA aurkeztu dute. Durango Osasungintza Publikoaren Alde izeneko plataforma. Antolamendu berria herriko hainbat eragilek sortu dute, "osasungintza publikoa defendatzeko asmoz". Horien artean daude Andereak elkartea, pentsiodunen mugimendua, Pediatria 24 orduz plataforma, anbulantzia medikalizatuaren aldeko taldea, Andaluziako Kultur Zentroa, Herria Auzo Elkartea, San Faustoko zentro soziala, herriko hainbat norbanako eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuak. 

Plataformako kideen iritziz, osasungintza publikoak "okerrera eta pribatizatzera" egin du "azken hamarkadetan". Horren adibide modura ipini dituzte 2008ko krisialdi ekonomikoagaz hasi ziren "austeritate politikak", eta koronabirusaren izurritik honanzko joerak. Osasungintza publikoaren "etengabeko eraistea" dagoela, eta osasun arreta "unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa" aldarrikatu dute horren aurrean. "Aurrez aurreko arreta osoa berreskuratzea gura dugu. Baita osasun mentalari dagozkion arloak, psikologia, psikiatria, hobetzea ere. 24 orduko pediatria zerbitzua gura dugu, eta anbulantzia medikalizatu bat Durangorako. Horrez gainera, beharrezkoa da Gernikako Gaitasun Handiko Osasun Zentrora joateko autobus zerbitzu zuzena izatea", azaldu dute Matias Oregi eta Sabina Méndez bozeramaileek.  

Manifestua eta ekintzak

Plataforma goiz honetan aurkeztu duten arren, DOPAko kideak ez dira geldirik egon azken asteotan. Manifestu bat idatzi dute, eta informazioa banatu osasun etxe eta lantegietan. Aurrera begirako egitasmoen artean informazioa banatzeko mahaiak ipintzea eta sinadurak batzea aurreikusi dute. Horrez gainera, ez dituzte mobilizazioak baztertu. Aurreratu dutenez, azaroaren 11n hainbat mobilizazio egingo dira Euskal Herriko hiriburuetan, eta Durangon ere horri begirako zerbait antolatzea pentsatzen dabiltza. "Arazo hau aspalditik dator. Badakigu hau guztia ez dela bizpahiru hilabetetan konponduko. Baina hemen jarraituko dugu", adierazi du Matias Oregi bozeramaileak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!