Oraingoz adostasunik ez San Faustoko gizarte etxeari behin betiko kokalekua emateko eztabaidan

Ekaitz Herrera 2024ko ots. 1a, 11:56

San Faustoko auzo elkarteko kideak Durangoko osoko bilkurara joan ziren irailean.

Durangoko Udalak alternatiba bi planteatu dizkio auzo elkarteari. Azken hau, baina, ez dago ados. Proposamenen arabera, proiektuak "zerotik hasi" beharko liratekeela eta gizarte etxearen sorkuntza "denboran asko atzeratu daitekeela" diote.  Kapitaneneko proiektua babesten jarraituko dutela esan dute.

San Faustoko gizarte etxearen eztabaidan jarrerak hurbiltzetik urrun daudela dirudi. Edo behintzat horixe ondorioztatu daiteke azken mugimenduei erreparatuz gero. Kapitanena berreskuratzeko proiektuaren aurrean, Durangoko Udalak gizarte etxea kokatzeko proposamen alternatibo bi aurkeztu zizkion auzo elkarteari. Baina planteamenduak ez ditu auzo elkartearen eskakizunak asebete. Beste behin ere, Kapitanenerako aurreikusita zegoen gizarte etxea babestu dute: "Udalak aurkezturiko aukerak aztertu eta gero, Kapitaneneko proiektua babesten jarraitzen dugu. Kokalekurik egokiena hori delakoan gaude, auzotarron eguneroko bizimodutik gertu dagoelako. Saskibaloi kantxatik, futbito zelaitik, elizatik eta frontoitik gertu. Epe motzera begira egingarria da". Auzo elkarteak ohar batean jakinarazi duenez, bi izan dira udalak mahai gainean ipiniriko alternatibak. Asteiza Torre eta Ramon Rubiales kaleen arteko partzela da bat. Baina auzo elkarteko kideen iritziz, "zailtasunak ditu mugikortasunaren ikuspegitik" eta proiektua "zerotik hasi beharko litzateke". Beste proposamena "Zeharmendieta eta Bernardo Gabiola kaleen artean egingo diren eraikinen azpialdeko lokal bat da. "Baina eraikin horien proiektua egin barik dago eta ez dakigu noiz eraikiko den. Horrek proiektua asko atzeratzea ekarri dezake. Aukera hori ez dugu bideragarri ikusten", adierazi dute auzo elkartetik.

Mireia Elkoroiribe alkateak adierazi du "auzoko bizilagun guztientzat guztiz irisgarria den lokal bat eskaintzea" dela udalaren helburua, "bizilagun guztiek erabili eta gozatu dezaten". Edozelan ere, argitu du "alternatiba guztiek, Kapitanena baserriarenak barne, tramitazio urbanistiko bat" behar dutela, eta horrek ezinezkoa egiten duela "berehalako exekuzio bat".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!