San Fauston auzo elkartea jartzeko alternatiba berri bi aurkeztu dizkio Durangoko Udalak bizilagunen elkarteari

Anboto 2024ko urt. 30a, 08:30
Kapitanena lez ezagutzen den eraikina San Fausto auzoan.

Gobernu Taldeko ordezkariak bizilagunekin batzartu ziren atzo.

Durangoko Udala San Faustoko auzo elkarteko kideekin batzartu zen atzo, auzo elkartea kokatzeko dauden alternatibak aurkezteko, udalak ohar batean jakinarazi duenez. Bizilagunen elkarteko ordezkariekin pasa den ostegunean egindako bileran, Mireia Elkoroiribe alkateak, Sara Oceja eta Jesica Ruiz alkateordeekin batera, "aukera ezberdinak" aurkeztu zizkien Kapitanea baserria berreskuratzeko proiektuarentzat, eta auzo elkartea kokatzeko "beste bi kokapen" aurkeztu zituen. Ez dute zehaztu bi aukera berri horiek zeintzuk diren. Aurreratu dutena da otsailean auzoko bizilagunekin bilera ireki bat egitea proposatu zutela "auzotarren elkarteari aurkeztutako alternatibak zehatzago azaltzeko".

"Udalaren helburua da auzoko bizilagun guztientzat guztiz irisgarria den lokal bat eskaintzea, bizilagun guztiek erabili eta goza dezaten, hala nola exekuzio data posible batzuk; izan ere, alternatiba guztiek, Kapitanea baserriarena barne, tramitazio urbanistiko bat behar dute eta horrek ezinezkoa egiten du berehala exekuzio bat", adierazi du Elkoroiribe alkateak.

Auzoa hobetzeko proiektuak

Oharrean zehaztu dutenez, Durangoko Udaleko Gobernu Taldea San Faustoko auzoa hobetzeko hainbat proiektutan ari da lanean "bizilagunek aspalditik eskatzen dituzten beharrei erantzuteko". Hobekuntza horien barruan, "aparkaleku-azterlan bat prestatzen ari gara, auzoaren egungo egoera berariaz aztertuko duena, San Fauston egun dagoen aparkaleku-arazoari ahalik eta irtenbiderik onena emateko".

Alde horretatik, eta Bernardo Gabiolako aparkalekuari dagokionez, Udala dagoeneko lanean ari da aparkaleku-eremu hori partzialki hartzeko, eta trafikoak auzoan ahalik eta eragin gutxien sortzeko.

Haur parkea

Era berean, ostegunean San Faustoko bizilagunen ordezkariekin egindako bileran, Udalak hainbat aukera eskaini zituen auzoan haur parkea jartzeko. Auzotarren elkarteak bere kokapenari eta adin tarteari dagokionez egokiena dena proposatuko du orain. 

WC publikoa eta bizikletak garbitzeko gunea

San Faustoko instalazioak hobetzeko helburuari lotuta, "abian dira jada komun publiko bat jartzeko obrak eta bizikletak garbitzeko egokituko den espazioa", udalaren esanetan. Zehazki, une honetan San Faustoko komunaren obra zibila egiten ari dira, Durango eta Abadiño lotzen dituen pasealekuaren eta bidegorriaren ondoan. Obra zibila amaitu ondoren, komunaren modulu autogarbigarria instalatuko da. Bainuaren modulua apirilean martxan egotea aurreikusten da. Data horretarako, Tabirako komun publikoa ere jarriko da, Tabira parkea eta Intxaurrondo kalea lotzen dituen zubi zaharraren ondoan.

Komunaren obra zibila egiten ari dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!