Andoni Iruarrizaga EAJko zinegotzi ohia hil da

Anboto 2024ko urt. 27a, 13:43

Iruarrizaga EAJko zinegotzia izan zen 2011-2015 legegintzaldian, Aitziber Irigoras agintean zela.

Gaur goizean korrika ari zela, ondoezik sentitu eta hil egin da Andoni Iruarrizaga. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ANBOTOri jakitera eman diotenez, saiatu dira suspertzen, baina ez dute lortu.

55 urteko durangarra oso kirolaria zen, hainbat maratoi egindakoa. Berlineko, Londresko eta New Yorkeko maratoiak eginda zituen, besteak beste. Eta iazko martxoan, Tokioko maratoia egin zuen.

Iruarrizaga EAJko militantea izan da eta 2011-2015 legegintzaldian Durangon zinegotzi izan zen, Aitziber Irigoras alkate zela. Legealdi horretan, Kultura eta Hezkuntzako batzordeko burua izan zen.

Gainera, herri mailan hainbat saltsatan zebilen durangarra. Lagun batzuekin batera, Muruetatorreko jaiak antolatzen hasi zen eta Gure Esku Dago dinamikan ere ibili zen.

Horrez gain, Athletic zale amorratua ere bazen. 2013ko ekainean, esaterako, San Mames zaharra bota zutenean, harmailako bere aulkia hartu eta hainbat jokalariren sinadurak batu zituen.

Atsekabea herrian
Iruarrizagaren heriotzak atsekabea eta samina eragin du eskualdean. Bere alderdikideak gaurkoa "egun tristea" dela azaldu dute. "Egun tristea gaur alderdikide, alderdizale eta Durangar guztientzat. Zer esan zutaz Andoni, Durango guztiak ezagutzen zaitu, beti saltsa guztietako perrexila, denon laguna, apala, eskuzabala, irribarre handiduna. Gaur maite zenuen kirola egiten joan zara eta gu hemen, daukagun samina gainditu ezinik, beti gogoratuko zaitugu irrifarre handi horrekin", gaineratu dute. Eta Iruarrizagaren familia eta lagunei besarkada estu bat bidali diete.

Durangoko EH Bilduko kideek ere beraien atsekabea adierazi dute, eta euren doluminak adierazi dizkiete durangarraren lagun, senitarteko eta alderdikideei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!