Andoni Iruarrizaga: “Bielsaren deia jaso nuen, txokoan nengoela; pentsa nire urduritasuna!”

Aitziber Basauri 2017ko eka. 25a, 10:30
Athleticek final bat jokatzen duenean lehoiak jartzen ditu

2013ko ekainean bota zuten San Mames. Orduan hasi zen Andoni Iruarrizaga hainbat jokalariren sinadurak batzen. Sei hile behar izan zituen harmailako bere aulkia sinadurekin betetzeko. Aurten ere Durangoko Muruetatorreko jaien antolakuntzan ibili da.

Saltsa guztietako perrexila zarela esan daiteke?
Bai. Hamar urte dira Muruetatorreko jaiak ospatzen hasi ginela, eta orduan ere ibili nintzen. Lau lagun hasi ginen. Goizeko ordu txikietan, tabernan, karta-jokoan ginela bota zuen batek auzoko jaiak antolatzeko gogoa zuela. Papera hartuta, egitarau posible bat osatu genuen. Saltsa guztietan sartuta nabil, gustatzen zait.

Joan den asteburuan ospatu dituzue jaiak. Nola joan dira?
Oso ondo! Aurten Landako Gunean ospatu ditugu. JAEDi laguntzeko elikagai iraunkorrak eta produktu higienikoak eramateko deiak ere oso erantzun ona izan du. Erosketarako orga bi bete ditugu. Jarraitzea da asmoa, bakoitzean elkarte edo GKE bati lagunduz.

Zure izenagaz plater bat ere baduzu Ibaizabal tabernan?
Bai, diotenez oso ondo saltzen da (barrez). A ze sorpresa!  Gustuko nuenagaz plater bat eskatu nuen behin, eta hura ikusita, gero eta gehiago hasi ziren eskatzen. Kartan jaso zuten.

Athletic zale amorratua zara!
Oso! Etxean beti bizi izan dut sentimendu hori. Hiru arrebak, gurasoak eta ni oso zaleak izan gara beti. Ama eta aita zena oso zaletuak ziren, eta 11 urtegaz egin ninduten bazkide. Amak, ilobak —aitaren bazkide txartela du— eta nik jarraitzen dugu. Ama gutxiago, baina iloba eta biok hamabostero joaten gara.  

San Mameseko harmailako zure aulkia duzu etxean.
Bai, amak eta ilobak ere badute eurena. Bielsaren sinadura dute hirurek. Beragaz goiz bat egin genuen Getxon. Ostatu hartuta zegoen hoteleko harreran esan zidaten nire datuekin batera gutun bat bidaltzeko e-mailez, helaraziko ziotela. Hala egin nuen, eta biharamunean Bielsaren deia jaso nuen, txokoan nengoela. Pentsa nire urduritasuna! Goiza beragaz egin genuen. Ama, emaztea, seme-alabak, iloba eta denok joan ginen.

Zure aulkiak hainbat sinadura ditu.
San Mamesen jokaturiko azken denboraldiko partidu ofizial batean gutxienez minutu bat jokatu zuten jokalarien sinadurak ditu. Athleticeko kamiseta batean ere baditut.

Hala ere, jokalari batzuek Athletic utzi eta beste talde batzuetara joan ziren. Nola lortu zenituen sinadurak?
Postaz bidali izan ditut aulkia, kamiseta eta errotuladorea ere. Kilometro mordoa egin dituzte!
Adibidez, Fernando Llorente Juventusen (Italia) zegoen eta Fernando Amorebieta Fulhmanen (Ingalaterra). Javi Martinezen sinaduragatik ere galdetzen didate, baina San Mames bota baino urtebete lehenago joan zen. Ander Herrera, berriz, gero joan zen Manchesterrera. Lugo, Numantzia edo Mirandes taldekoen laguntza handia izan nuen —Athleticken izan ez nuena—; Juventus eta Fulhameko kontaktuak beraien bitartez lortu nituen.

Athleticen jarraitzen zutenen kasuan, nola egin duzu?
Lezamara bueltak eginda.

San Mamesen zati bat duzu.
Bai. Azken partidua amaituta hartu nuen. Niretzat aitaren gogorapen bat ere bada aulkia. Balio itzela du.

San Mames Berriak zaharraren antzik badu?
Oso polita da, baina ez du zerikusirik. Lehen sortzen zen giroa, orduango galdara falta du. Baina oso gustura joaten naiz.

Gure Esku Dago dinamikan ere sartuta zaude. Lortuko da erabakitzeko eskubidea?
Horretarako lanean ari gara Gure Esku Dagon. Mugitu beharra dugu lortu gura bada.

Jakin dugu mimoz prestatzen duzula sanfaustoetarako mozorroa. Hasi zara prestatzen?
Irailean buru-belarri sartuko naiz, arrebaren laguntzagaz. Egun sakratua da hori eta asko lantzen dut mozorroa, inauterietakoa baino gehiago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!