Joan zen asteburuan kluben arteko Euskadiko Atletismo Txapelketa —pista estalian– lehiatu zuten Donostian. Durangaldeak ordezkari bi izan zituen: Durango Kirol Taldea (DKT) gizonetan eta Bidezabal emakumeetan.
DKT azpitxapeldun geratu zen eta iazko lorpena berdindu zuen. Parte hartutako hamabi probetatik hiru irabazi zituen: 800 metroak Jon Ander Etura barakaldoarragaz; salto hirukoitza Alex Cuesta ermuarragaz eta erreleboen proba Imanol Aiartzaguena abadiñarrak, Paul Ubierna deustoarrak, Mikel Dolaraga lekeitiarrak eta Unax Solabarrieta ondarrutarrak osatutako taldeagaz. Real Sociedad taldea bakarrik geratu zen Durangoko klubaren aurretik eta Super Amara Bat taldearekin bigarren posturako lehia estua mantendu zuen azken unera arte.
Bidezabal taldeak ezin izan zuen iazko hirugarren postua berdindu. Aurten bosgarren amaitu du 45 punturekin. Emakumeetan Atletico San Sebastian izan da irabazlea.