DKT eta Bidezabal podiumera igo dira pista estaliko Euskadiko Atletismo Txapelketan

Anboto 2023ko urt. 31a, 15:29
Ezkerrean, DKT-ko gizonak; eskuman, Bidezabaleko emakumeak, Donostiako Anoeta belodromoan.

Durango Kirol Taldea bigarren geratu da eta Bidezabal hirugarren.

Durango Kirol Taldeak eta Bidezabalek Euskadi mailan erreferentziazko taldeak direla erakutsi dute beste behin. Kasu honetan pista estaliko Euskadiko txapelketan izan da. Joan zen zapatuan, Anoetan, DKT-k bigarren amaitu zuen gizonetan eta Bidezabalek hirugarren emakumeetan.

DKT-k iazko postua errepikatu zuen, baja bat baino gehiago zuen arren. Iker Martosek, Ahmed Ouslimanek eta Momo Bougrinek 60, 3.000 eta 1.500 metroko probak irabazi zituzten, hurrenez hurren. Horrez gainera, bigarren geratu ziren Paul Ubierna (hesien proban), Xabat Oar Arteta (luzera-jauzian), Imanol Aiartzaguena (400 metrotan) eta errelebo-taldea.

Bidezabalak podiumera itzultzea zuen helburu, iazko aldian nahi baino eskasago ibili ondoren. Ainhoa Idoiagak 400 metroko proba irabazi zuen eta bigarren geratu ziren Julene Bouzo (altura-jauzia), Adriana de Prado (3.000 metrotan), eta errelebo-taldea. Hirugarren egin zuten Sandra Alverok (pertika-jauzia) eta Ixone Sanchezek (salto hirukoitza).

Udaberrian Espainiako Lehenengo Mailako liga hasiko du Bidezabalek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!