Herriaren Eskubideak adinekoen zentro berri bat egitea proposatu du Udal Euskaltegiaren eraikina libratutakoan

Anboto 2024ko urt. 9a, 10:42

Talde independentearen arabera, Udal Euskaltegia Muruetatorre dorretxera lekualdatzea "ez da ona izango zerbitzurako". Edozelan ere, beste erabilera bat proposatu dute Udal Euskaltegiaren egoitza libratzen denerako.

Herriaren Eskubideak adinekoen zentro berri bat egitea gura du gaur egun Udal Euskaltegia dagoen eraikinean. Zerbitzua euskaltegiaren lekualdaketa gauzatu eta gero atondu gura dute, euskara ikasteko azpiegitura Muruetatorre dorretxera eramandakoan, hain zuzen ere. Talde independenteak ohar bidez azaldu duenez, proposamen hori helaraziko dio Durangoko Udalari. Eraikina "zaharberritzea" eskatuko diote, "aurreko legealdietan Garai Jauregiarekin, San Agustingo ospitale zaharrarekin edo Murueta baserriarekin berarekin gertatu zen bezala", Saibi kalekoa ez dadin "hutsik eta abandonatuta" geratu.

"Eraikin hau Maristei erosi zitzaien eta Durangoko Udal Euskaltegia hartzeko birmoldatu zen, 2 milioi eurotik gorako inbertsioarekin. Hala ere, EAJk eta PSE-EEk zerbitzua Murueta baserrira eramatea erabaki dute, txikiagoa den eta behar bezala egokitu barik dagoen eraikinera. Horrekin, eraikin horretan proiektatuta zegoen gizarte-etxea, eta inguruko auzoei eta Landako ikastetxeko guraso-elkarteari zerbitzuak ematea eragotzi gura izan dute", kritikatu du talde independenteak.

Herriaren Eskubidearen iritziz, Udal Euskaltegia lekuz aldatzea "ez da ona izango zerbitzurako". Baina edozelan ere, hutsik geratuko den eraikinari "beste erabilera bat" ematea defendatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!