Landako eskolako guraso elkarteak desadostasuna agertu du Durangoko Udalak Muruetatorre etxeari eman gura dion “erabilera aldaketagaz”

Anboto 2023ko abe. 15a, 20:23

Guraso elkartearen berbetan, “akats” bat da zentro zibikoaren ordez euskaltegia bertara eramatea. Besteak beste, eraikinean egitekoa zen zentro zibikorako ekintzak prestatzen ari zirela argudiatu dute. Udal gobernu taldeagaz bilera bat eskatu dute, baita ere.

Hona hemen gutuna osorik: 

Landako Eskolako Guraso Elkarteak, egungo gobernu taldeak Muruetatorre baserriari eman nahi dion erabilerari buruz jasotako azken informazioen harira, herritarrei gure jarrera zein den argi utzi nahi diegu.

Sigla, alderdi edo koloreetatik haratago, familiak gara. Gure udalerriko eskola publiko batean konfiantza jarri duten familiak. IGEaren bitartez gure komunitateari balio handia ematen dioten familiak gara, jarduera ugari antolatuz, zerbitzu zabalak eskainiz eta gure eskolako familien eta, ondorioz, udalerriaren bizi-kalitatea hobetzeko bideak etengabe bilatuz.

Badirudi udalerri honetako arduradunek ez dutela egiten dugun guztia balioan jartzen, ez baitigute gaiaren inguruan gure iritzia ere kontsultatu, Muruetatorre auzo elkartearekin egin dutela badakigun arren.

Gertaera honek biziki deitzen digu arreta, izan ere, bai bolumenari bai jarduerari dagokionez, bai eta noski, hurbiltasunari dagokionez, logikoa iruditzen zaigu gure iritzia ere kontuan hartua izatea.

Ba tira, eskatua ez izan arren, hona hemen gure iritzia. Familien elkarte gisa, irmo sinesten dugu komunitatearen balioan eta pertsonen autogestio gaitasunean. Hori guztia, ingurua, komunitatea eta udalerria hobetzera zuzendutako ikuspegiarekin beti ere. Horrek dakarren aberastasunean sinesten dugu. Argi ulertzen dugu gobernu talde honek ez duela ikuspegi bera.

Hala ere, hauek dira gure buruzagiak, PERTSONA GUZTIENAK. Horregatik, guztiz barkaezina iruditzen zaigu hainbeste jendek landu eta aldarrikatu dituen zentro zibikoak horrela suntsitzea. Udal talde honek sortu edo proposatuak izan ez arren, zer kalte egin dezakete?

Muruetatorre baserriaren kudeaketa oso erraza izan liteke: aretoak aurretiaz erreserbatzeko sistema bat, botoi-giltzen erabilera... Modu egokia bilatzea posible litzateke, baldin eta horretarako borondatea badago. Era berean, badaude arrakasta handiz funtzionatzen ari diren hainbat udal-programa, espazio faltagatik zabaldu ezin direnak. Zergatik ez erabili zentro zibikoak programa horiek hedatu ahal izateko ere, adibidez?

Guk, gure aldetik, hasiak ginen jadanik espazio horietan eman litezkeen ekintza posibleak planifikatu eta elkarte zein auzotarren artean sortu litezkeen sinergiekin amesten. Muruetatorre baserriak, egun eskola 17:30erako itxi beharrak suposatzen digun muga gainditzeko aukera ireki zigun. Bertan, udaletxe-eskola-IGEaren kudeaketa partekatua duen eta gero eta arrakasta handiagoa izaten ari duen Denboraren Bankuko ekintzak aurrera eramateko espazio paregabea aurki genezakeen, eta bere barne zein kanpo-espazioetan ipuin-kontalari, antzerki-emanaldi zein talde-jolas ezberdinak irudikatzen hasiak ginen.

Orain, baldintza jakin batzuetan espazio jakin batzuk erabili ahal izango ditugunaren ideia saltzen saiatuz emango zaigun edozein argudio oso urri geratuko da agindu zitzaigunaren dimentsioarekin alderatuta. Zentro zibiko bat agindu ziguten, zeinetan espazio hutsak dinamikak eta sinergiak sortzera gonbidatzen baitzuen, eta ezin izango da inola ere giro hori sortu eraikin horretarako orain planteatzen diren erabilerekin, ez da posible izango. Hori ukatzea da, hain zuzen ere, udal gobernu-talde honen interesa.

Nahiz eta promesa horiek ez izan gobernu-talde honek eginikoak, ez zaigu onargarria iruditzen askoren ametsa arrazoizko azalpenik gabe horrela ezabatzea. Joko politikoak ez lituzke herritarrak gutxietsi behar, nahiz eta oraindik 3 urte geratu hauteskundeetarako. Aurreko legegintzaldian hartutako edozein ekimen aldatu behar bada, argudiaketa eskainitakoa baino askoz sendoagoa izan beharko litzateke.

Kontuak horrela, argi daukaguna da akats larria iruditzen zaigula euskaltegia espazio horretara eramatea. Hainbat arrazoigatik, besteak beste kokapenagatik, egungo kokapena garraio publikoeatik askoz gertuago dago eta. Euskaltegiak instalazio egokiak ditu, zergatik aldatu? Aurreko udal gobernuarekin ados ez egote hutsagatik?

Euskaltegiari ikusgarritasun handiagoa eman beharra aipatzen dute Murueta-Torre baserriaren erabilera aldatzeko arrazoi gisa. Ez al dago beste biderik dagoeneko ongi hornitutako eta orain gutxi berriztutako eraikuntza bat duen zerbitzu bat ikusgai jartzeko? Beste erabilera mota batzuetarako diseinatua izan den eraikin batera eramatea al da modu bakarra? Zintzoki uste dugu hartutakoa ez dela erabaki zuhur bat izan.

Guraso Elkartetik uste dugu politikan denak ez duela balio. Gobernu taldea erratu egin dela eta atzera egin beharko lukeela uste dugu.

Legegintzaldi honetan oraindik herriarekin eta herriaren alde lan egin nahi dutela erakusteko aukera dute. Hasteko, entzutea eta umiltasuna da behar dena.

Gobernu taldeari plan aldaketa honekin kaltetuak izango diren auzotar eta elkarteekin bilera bat egitea exijitzen diogu. Esaten dutena frogatu eta argudioak argi aurkez ditzatela exijitzen dugu. Eta bilera horretan alderdi guztietako arduradun politikoak bertaratzea nahi ditugu, gauzak soilik batzuen interesen alde esatea saihestuz. Erantzun argiak, frogak eta heldutasuna nahi ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!