Durangoko udal agintariek Musika Eskolako teilatuaren geroaz berba egin dute goiz honetako agerraldian. Teilatu osoa konponduko dute. Teila guztiak, hezurdura guztia eta sabaiaren iragazkortasuna. Hori dela eta, obrak eta musika ikasketak aldi berean egitea bateraezina denez gero, Musika Eskolaren jarduna beste norabait lekualdatuko dute: Udal Euskaltegiaren egoitzara (Maristak ikastetxearen ondora, Saibi kalera). Alkateak adierazi du "guztiz beharrezkoa" dela eraikineko teilatua konpontzea, gaur egun "hainbat hondatze" daudelako barruko ikaslegetan eta korridoreetan. Era berean, Elkoroiribek azpimarratu du "behin-behineko" lekualdaketa izango dela, aurreikuspenen arabera 2024-2025 ikasturteko iraupena izango duena. Lanak amaituta, musika ikasketen zerbitzua bere ohiko lekura bueltatuko dute, Montevideo kalera.
Isabel Balanzategi Musika Eskolako ikasketa burua da. Jakinarazi duenez, "itoginak" dituzte eraikineko hainbat lekutan, eta "sabaiko isolamendu panelak lurrera jausi izan dira teilatuaren egoera txarraren ondorioz". Udal Euskaltegian izango duten behin-behineko kokalekuari buruz, "txarto ez" dagoela iritzi dio Balanzategik: "Konponduko gara". "Bost solairuko eraikina da, igogailua baduena. Umeekin hori dena kudeatzea izango da gatxena, eskaileren gorabeherak izango dira txarrena", esan du. Ikasketa buruak berretsi du, baina, "etxera bueltatzea" dela haien asmoa. Obrak amaituta, ohiko lekura itzultzea.
Iaz martxan ipinitako proiektua
Musika Eskolako teilatua berritzeko proiektua joan zen legegintzaldiko gobernu taldeak diseinatu zuen, milioi bat euroko aurrekontuagaz. Orain, gobernu talde berriak obra gauzatu gura du. Sara Oceja alkateordeak zehaztu du "prezioak egokitu" egin beharko dituztela, "aurreikuspenen arabera, beste 50.000 euroko gehigarriagaz". Obrak udaletxeko aurrekontuaren soberakinagaz eta Musika Eskolako aurrekontuaren soberakinagaz finantzatuko dituzte.
Musika Eskolak 750 ikasle, 31 irakasle eta administrari bi ditu gaur egun. Lau urtetik gorakoei zuzendutako ikasketak eskaintzen dituzte modu arautu zein ez arautuan. Era berean, askotarikoak dira sokazko, haizezko, ahotsezko, eta norbanako eta taldekako musika ikasketak.