Milioi bat euroko inbertsioa Musika Eskolan, teilatu guztia berritu eta hezetasun arazoak konpontzeko

Ekaitz Herrera 2023ko ots. 9a, 12:35

Durangoko Udalak Musika Eskolako teilatua berritzeko lanak egingo ditu. Urteetako itogin eta hezetasun arazoak konpondu gura ditu modu horretan. Lanak 2023-2024 ikasturtean egingo dituzte, eta ikasketa zerbitzua beste eraikin batera lekualdatu beharko dute tarte horretan.

"Egoera txarrean" egondako beste eraikin bati konponbidea ipintzea erabaki du Durangoko Udalak. Bartolome Ertzilla Musika Eskolan 1.003.060 euroko inbertsioa egingo du, modu horretan, azken urteotan egondako itogin eta hezetasun arazoak konpontzeko. Musika Eskolako eta Udaleko arduradunek obra horren nondik norakoak azaldu dituzte eguerdi honetan. Jorge Varela zinegotziak adierazi duenez, udalaren hasierako asmoa teilatua "berritzea" izan da, baina azterketa arkitektoniko batek erakutsi du arazoa "uste baino sakonagoa" dela. Horren aurrean, udalak "anbizio handiagoko proiektua" egitea onetsi eta teilatu osoa aldatzea erabaki du. "Bai egitura bera, bai teilatuaren iragazgaiztasuna". Varelaren berbetan, eskolako gela batzuetan itoginak sortzen hasi ziren 2019an. Hainbat musika tresnak hezetasun arazoak izan dituztela ere gaineratu du Ima Garrastatxu alkateak. Egingo dituzten bestelako lanen artean, sabai-aizun bikoitza ipintzea, argiztapena hobetzea eta efizientzia energetikoa hobetzea daude. Lanok egiteko, Durangoko Udala Europako diru-laguntza batzuk lortzen "ahalegintzen" dabil. Akordioa lortzera, udalak 600.000 euroko laguntza jasoko luke. Akordiorik ezean, udalak berak ordainduko ditu eraldaketa guztia egiteko milioi bat euroak. 

Lasaitasunerako deia 

Udalaren aurreikuspenen arabera, teilatua berritzeko lanak 2023-2024 ikasturtean zehar egingo dituzte, zortzi hilabeteko iraupenagaz. Eta denbora-tarte horretan, Musika Eskolan ezingo da eskaintza akademikorik eskaini. Horren aurrean, lasaitasunerako deia egin du Iker Ruiz de Alegriak, eskolako zuzendari akademikoak:  "Gure asmoa 2023-2024 ikasturtea Musika Eskolan bertan hastea da. Lehendabiziko egunetan lekualdaketari buruzko azalpenak emango ditugu, eta horren ostean egingo dugu leku berrirako aldaketa. Familiei lasaitasunerako deia egin gura diet. Email bidez jasoko dute lekualdaketaren berri, eta beharrezkoa balitz, prest egongo gara bilera berezi bat egiteko", azaldu du Ruiz de Alegriak. 

Oraingoz ez dago argi Musika Eskolako ikasleak zein lekutan birkokatuko diren behin-behinean. Musika Eskolako eta Udaleko arduradunek azaldu dute Hezkuntza Sailagaz hartu emanetan dabiltzala, baina oraingoz ez dagoela leku jakinik. Edozelan ere, udal arduradunek azpimarratu dute Durangon bertan birkokatuko dituztela, udal eraikinen batean. Musika Eskolan 700 bat ikaslek hartzen dituzte eskolak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!