Amaia Aldaik historia egiten jarraitzen du hirugarren urtez jarraian lau eta erdiko txapela jantzita

Anboto 2023ko abe. 17a, 16:27

Sari banaketako irudia. (Argazkia: Master Laboral Kutxa)

Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuak Master Laboral Kutxa txapelketako lau eta erdiko finala hartu du gaur. Amaia Aldaik 22-13 menderatu du Goiuri Zabaleta.

Amaia Aldaik historia egiten jarraitzen du hirugarren urtez jarraian lau eta erdiko txapela jantzita. Seigarren edizioa bete du aurten txapelketa honek, laugarrena pilota mistoarekin jokatu dena eta hirutan dimoztarra nagusitu da, egungo erreferenterik nagusiena bilakatuz.

Gaur eguerdiko finalean 22-13 irabazi dio Goiuri Zabaleta 14 urteko leitzarrari. Hasieran Aldaik min handia egin du sakearekin eta ondorengo errematearekin eta 6-1 aurreratu da. Leitzarra, ordea, ez da erraz kokiltzen den horietakoa eta 7-6 hurreratzea lortu du. Baina Aldaik serio jarraitu du bere lanean eta azkenerako gehiago izan da. Finalean sei tanto egin ditu sakez. Tarteka tanto ederrak jokatu dituzte biek, bi pilotariak lurrean akiturik amaitu duten 21-13koa kasu. Zabaletaren zenbait dejadek ere, pilotazaleen eta Amaia Aldai beraren txaloak jaso dituzte, baina ondo baino hobeto merezitako txapela bizkaitarrarentzat izan da. Goiuri Zabaletak, berriz, aurtengo pilotari errebelazioaren kopa jaso baitu Joseba Urkiola, EITBko kirol buruaren eskutik. Durangoko pilotalekua bete egin da finala ikusteko. 

Arratsaldean beste lau final jokatu dira. Euretako bi pilota goxokoak izan dira: gazte mailan Ainhitze Arratibelek 18-11 irabazi dio Ezki Ariztiri eta nagusietan Sonia Irisek 18-11 menderatu du Nagore Aramendi. Beste final biak pilota mistokoak izan dira: gazteetan Malen Lamadridek 18-13 irabazi dio Onintza Galdosi eta promesetan Alejandra Bilyak-ek 18-17 hartu du mendean Lide Lopez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!