Gabonak

60. urteurrenagaz batera, JAEDek inoizko errifarik gehien saldu gura du stand solidarioan: 70.000, iaz baino 5.000 gehiago

Anboto 2023ko abe. 16a, 11:50

Urtero legez, JAED elkarteak stand solidarioa inauguratu zuen azaroan; Andra Mariko elizpean ipini dute, aurten ere, ezaguna den elkartasun gunea. Aurten nobedade batzuekin dator ekimena; besteak beste, inoizko errifa kopururik handiena ipiniko dute salgai, 70.000, iaz baino 5.000 gehiago.

Beste urte batez, Gabonetako loteriako zenbakia 51. 384 izango da. Urtero legez, 1,50 eurotan eskuratu daiteke txartel bakoitza. Horrez gainera, zozketako lehenengo saria, autoa, esleitu barik geratu ez dadin (aurreko aldi batzuetan lez), aurten bigarren zenbaki bat aterako dute, ordezko bat; lehenengo zenbakiak 2024ko martxoaren 31ra arte izango du saria jasotzeko aukera; epe hori igarotzen denean, bigarren zenbakia izango da balio duena. Zozketa, ohikoa den moduan, urtarrilaren 6an izango da, 18:00etan, Andra Mariko elizpean, eta Kriskitin Dantza Taldearen laguntza izango dute zenbakiak ateratzeko. JAEDeko Gabonetako loteria standean bertan egongo da eskuragarri, edo ohiko establezimendu laguntzaileetan. Beste nobedadeetariko bat Errotari elkartearen Durangoko mikologia katalogoa izango da; elkarteak dohaintzan eman die liburua, eta hamar euroko prezioan eskuratu daiteke. 

Aitortza
Urteurrenagaitik ez ezik, jardunagaitik ere hainbat ekitalditan parte hartu du JAEDek aurten. Besteak beste, Durango Saria eman zioten azaroan, gizarte arloan egiten duen lanagaitik. Durangoko San Fausto jaietan ere urteurren horri egin zioten erreferentzia banatu zituzten 9.000 zapietan (iaz baino 3.000 gehiago). Aurtengo urrian ere Iurretako Udalak eta JAEDek hitzarmena sinatu zuten. Udalak 9.225 euro ipini ditu premia larrian dauden pertsonei laguntzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!