Gabonak

JAEDeko boluntarioek eta Durango eta Iurretako ikasleek bat egin dute premia larria duten familiei laguntzeko proiektuan

Aritz Maldonado 2023ko abe. 16a, 11:50

Azken asteetako astelehenetan ohikoa baino mugimendu handiagoa egon da JAED elkarteak Durangoko Kalebarrian duen lokalean. Izan ere, asteotan bertara joan dira. Iurretako Juan Orobiogoitia institutuetako hainbat ikasle. Han egoten dira JAED elkarteko boluntarioekin batera, eta elkarregaz osatzen dituzte sortak, beharrizan larrian dauden pertsona eta familiek hartu ditzaten gero.

Ikasleak taldeka banatzen dira, beharrizanaren arabera. "Batzuek fruta eta patatak pisatzen dituzte, eta beste batzuk arrautzak banatzeaz arduratzen dira, adibidez", azaldu du Estibaliz Zurikarai elkarteko boluntario eta presidenteak. Elkartean pozik hartu dute ikasleen parte hartzea. "Beste lan erritmo bat da, baina oso ondo gaude. Irakasleak ohituago egongo dira horrelako lanetan, baina gu... ", aitortu du barre artean Zurikaraik. Leire Iruretagoiena irakasleak azaldu du pozik daudela ekimenagaz. Juan Orobiogoitiako irakaslea da bera, eta lehenengoz parte hartu du honelako egitasmo batean. "Hasieran, ikasleek ez zuten argi ikusten zertara gentozen, eta, azaldu arren ere, ez zuten guztiz ulertzen benetan zer egiten zebiltzan. Baina orain bai. Gainera, oso feedback ona jasotzen gabiltza", gaineratu du. "Jendeari laguntzen dabiltzala ikusten dute, euren jarrera eta lana oso baliagarriak direla. Eta hori oso positiboa da eurentzat, ikasgelatik kanpora ere lan egiten dutelako, eta bestelako konpentzia batzuk eurenganatu ditzakete horrela", gehitu du. Ordu bian egoten dira Kalebarriako egoitzan, beharrean, eta baita elkarregaz kontu kontari ere, paketeak prestatzen dituzten bitartean. Giro onean egoten dira gainera, normalean batzen diren hamar boluntarioei irakasleak eta hamabost ikasleak gehitu behar zaizkie eta. "Ikasleetariko batzuk lehian ere ibiltzen dira ea nork osatu sorta gehiago", esan dute.

JAED elkartea 1963an sortu zen, eta beraz, 60 urte daramatza premia larria duten bizilagunak laguntzen. Iurreta eta Durangoko Udaletako zerbitzu sozialekin ez ezik, gizarte arloko beste hainbat elkartegaz harreman sendoa dute, eta guztiz errotuta dago inguruetan. Horren erakusle da ikastetxeegaz martxan jarri duten ekimen hau. Durangoko Frai Juan Zumarraga institutuagaz jarri zuten martxan lehenengoz, iaz, egitasmoa. "Ikastetxetik deitu ziguten esanez, ikasle batzuek hamaiketakorako ezer ez zutela detektatu zutela. Horrela, JAEDen bidez premia hori zuten ikasleei fruta banatzen hasi ziren ikastetxetik; ostean, Iurretatik deitu gintuzten, beraiek ere antzerako kasuak zituztelako. Bigarren kasu honetan, jasotakoa bueltan emateko zer egin zezaketen galdetu ziguten". Horrela, ikasleak laguntzera joatea adostu zuten, trukean, astean behin, urritik eta lehenengo hiruhilekoa amaitu bitartean. "Nik pertsonalki, ez dut horrelako ekimen batean parte hartu ikasleekin, eta oso positiboki ikusten dut", azaldu du Iruretagoienak.. 

Urte guztiko lana
Boluntarioak astean hiru bider elkartzen dira bertako lanak egiteko, astelehen, martitzen eta eguenetan. Astelehenetan sortak prestatzen dituzte, eta martitzen eta eguenetan banaketa egiten dute. "Astero 45 bat poltsa prestatzen ditugu. Horrek esan gura du hilean 200 inguru banatzen ditugula; aste batzuetan beste batzuetan egoten ez diren produktuak egoten dira, elikagaien bankutik ematen digutenaren arabera", adierazi dute. Aste honetan, adibidez, atun eta melokotoi latekin osatu dituzte sortak. Olioa, esnea, lekaleak, galletak eta pasta dira normalean banatzen dituzten produktuak. Gabonetan jostailuak ere banatzen dizkiete halakorik lortu ezin dutenei. "Umeak dauden kasuetan, beste produktu batzuk ere sartzen ditugu, hauentzat bereziki jasotzen ditugunak; adibidez, pixoihalak eta umeentzako esnea", argitu dute. 

Ikastetxeekin duten proiektu komunitarioaren beste alde onenetariko bat da elkartearen jarduna ezagutzera ematen duela. "Gazteek Andra Mariko stand solidarioa ezagutuko dute beharbada, baina JAEDek egiten dituen beste lanak ez dut uste. Honela, eurengana heltzea lortzen dugu", esan du Zurikaraik. Alde horretatik, errazago izango zaie boluntario berriak lortzea urtean zehar egiten dituzten jardueretarako.

2022ko maiatzean, JAEDek zuzendaritza batzordea berritu zuen eta ordutik da presidentea Zurikarai. Aurretik, Maria Eugenia Uncillarena zen ardura hori; hamarkada bi baino gehiago egin zituen behar horretan. Aldaketagaz, elkartea gaur egungo beharrizanetara egokitzea bilatzen zuen JAEDek. "Gu gustura gabiltza lanean, ondo konpontzen gara eta asetu egiten gaitu, gainera", gehitu du Zurikaraik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!