Udal Euskaltegia Muruetatorre dorretxera lekualdatuko dutenez gero, bertan gizarte etxerik egingo ez dela jakinarazi zuen atzo udalak. Erabakiaren berri eman eta ordu gutxira, luze barik ailegatu dira oposizioko kideen kritikak. Herriaren Eskubideak bere "kezka" kaleratu zuen atzo. Eta gaur, bere posizioa argitu du EH Bilduk. Koalizio subiranistaren iritziz, "EAJren politika auzoen eta hauen asoziazionismoaren kontrako eraso zuzena" egitea da. "San Faustokoa eta gero, orain, Muruetatorre, Ibaizabal eta Landako auzoetako elkarteen txanda heldu" dela dio koalizioak, eta zalantza agertu du Juan Itziarko espazioarekin "zer gertatuko den" galdetuta. Horrez gainera, "Durangozentrismoaren alde egitea" leporatu diote "auzoetako espazio horiek guztiak ezabatzen saiatzen direnei.
"Tresnak herritarrei"
EH Bilduk adierazi du "gizarte osasuntsu, konprometitu eta aktibo baten alde" eragitea duela helburu. "Hori lortzeko modurik onena herritarrei tresnak ematea" dela gaineratu dute: "Gure ustez, gizarte etxeak elkartzeko, sinergiak sortzeko, jendea partaide bihurtzeko, ahalduntzeko, eta, azken finean, gizarte parekide bat eraikitzeko tresnak dira". Koalizio subiranistaren iritziz, ikuspegi hori "EAJren interesen aurkakoa" da.
EH Bilduk "joan zen legegintzaldian hasitako proiektuei jarraipena emateko helburua" duela argitu du. "Muruetatorre eraikinaren erabilera berriak kaltetutako bizilagunekin eta elkarteekin" batuko direla azaldu dute, proiektuaren aldaketari buruz duten iritzia jakiteko.