Herriaren Eskubideak bere posizioa jakinarazi du Durangoko udal aurrekontuen inguruko eztabaidan. Talde independenteak ohar bidez adierazi duenez, gobernu taldeak plazaratutako proposamenak "murrizketa handiak" ekarriko ditu "gazteria, enplegu, ingurumen eta hezkuntza" arloetara. Zehaztu dutenez, 600.000 eurokoa izango da "murrizte" hori. Era berean, alkatetzara eta alkateordetzara bideratutako diru kopuruak "igo" egin direla kritikatu dute, "91.000 euro" guztira.
Aurrekontu parte hartzaileei buruz ere egin dute berba. Jorge Varela bozeramaileak esan duenez, "negoziaezina" da aurrekontu horietan herritarrek aukeratutako proiektuak gauzatzea. Alor horretan kokatu ditu trenbidea urbanizatzea, bidegorriak handitzea, Pinondoko plaza urbanizatzea edo Ibaizabal, Otamotzena, San Fausto eta Tabiran txintxaunak eta ur jolasak ipintzea. Azkenik, Kapitaneneko gizarte etxea "bertan behera utzi izana" eta merkatu plazako proiektua "gelditu izana" leporatu diete EAJri eta PSE-EEri.
Hainbat proposamen
Herriaren Eskubideak aurreratu du osoko zuzenketa aurkeztuko diela aurrekontuei. Bestalde, talde independenteak honako hauek jaso ditu bere proposamenen zerrendan: enplegua sustatzeko neurriak, airearen kalitatea neurtzeko sare propio bat, pump track pista bat, txintxaun irisgarriak eta udan, auzoetan, kale zinema egitea. Egitasmo horiek guztiak 243.000 euroko diru poltsagaz gauzatzea proposatu dute.