Durangoko aurrekontuek "gai sozialekiko konpromiso falta" dutela kritikatu du EH Bilduk

Anboto 2023ko abe. 4a, 14:00

Koalizio subiranistaren iritziz, gobernu taldeak proposaturiko aurrekontuek "ez diote herritarren beharrizanei erantzuten". Hezkuntzari, ume eta gazteei, kirolari eta ingurumenari loturiko diru partidak "jaitsi" egin direla diote. Horrez gainera, Soloko baserritarren elkartearekin izandako hitzarmena "ezabatzea" leporatu diote gobernu taldeari.

Durangoko gobernu taldeak udaleko aurrekontu proposamena aurkeztu zuenetik egun batzutara, gaur, EH Bilduk bere irakurketa plazaratu du. Koalizio subiranistaren esanetan, gobernu taldeak proposaturikoek "konpromiso falta" agertzen dute "arlo sozialari" dagokionez. Hezkuntzara, Kirolera, Ume eta Gazteen politiketara, Mugikortasunera, Ingurumenera eta Merkataritzara bideratutako diru partidak hurrenez hurren "%39,47", "%17,45", "%7,82", "%10,94", "%35,59" eta "%5,65" "jaitsi" direla kritikatu dute. Era berean, "iaztik gehien igo den partidetako bat goi kargudunena (%25 gehiago)" izatea ere kritikatu dute. "Horrek erakusten du zein urrun bizi diren gure bizilagunen eguneroko arazoetatik", adierazi du koalizioak ohar batean.

Bestalde, honako hauek eskatu dizkiote gobernu taldeari: gazteen emantzipaziorako laguntzak ez murriztea, Kapitaneneko proiektua garatzea (1.022.150 euro), Zirarmendietako espaloia birmoldatzea (234.339), Pinondo plaza urbanizatzea (260.000), Ibaizabalen eta San Fauston umeentzako parkeak ipintzea (188.000), Tabiran ur jolasak ipintzea (88.000) eta herriko bidegorriak egokitzea (100.000). Proiektuak "egingarriak" direla iritzita, "borondate politikoa" izatea eskatu diote EAJri eta PSE-EEri.

Zuzenketak eta baserritarren hitzarmena "berreskuratzea"

Datorren urteko aurrekontuei begira EH Bilduk 5 zuzenketa aurkeztu ditu, guztira, 381.300 euroko kopuruagaz. Euretariko bat Soloko elkarteko baserritarrekin sinatuta zegoen hitzarmena "berreskuratzea" da. Koalizioaren esanetan, egungo gobernu taldeak "ezabatu" egin du baserritarrekin itundutako hitzarmena, eta ostera ere horri heltzeko eskatu die gobernuko kideei. EH Bilduk aurkezturiko beste zuzenketa batzuk honako hauek dira: Txibitenan frontoi ireki bat eta erabilera anitzeko kantxak ipintzea (200.000 euro), desfibriladoreak ipintzea (41.300), energia komunitateak sortzea (100.000) eta hezkuntza komunitatea sustatzeko 20.000 euro bideratzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!