Durangoko Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jesica Ruiz alkateordeak 2024ko udal aurrekontuak aurkeztu dituzte eguerdi honetan. Momentuz, proposamenak dira, behin-betiko aurrekontuak osoko bilkuran onartu beharko dituzte-eta. Edozelan ere, argi berba egin du Elkoroiribek: Proposaturikoak "aurrekontu zorrotzak dira, inbertsio gutxikoak. Benetako premiei erantzun eta pertsonak erdigunean ipintzen dituztenak". Alkateak gaineratu du "ahalegin handia" egin behar izan dutela "bizimodua garestitzen eta ziurgabetasun ekonomikoa" nagusi den testuinguruan. Edozelan ere, Durangoko Udalak aurtengoa baino aurrekontu zabalagoa izango du datorren urtean. %2,57 handiagoa. Jesica Ruiz alkateordeak argitu du Udalkutxak eragin duela igoera hori. Bizkaiko Foru Aldunditik udalerrira iritsitako finantzaketa handitu egin delako, hain zuzen.
Nagusien ongizatea
Ruiz alkateordeak azaldu duenez, aurrekontu berriek ongizatea ipiniko dute erdigunean. Eta batez ere, nagusiena. Hori dela eta Nagusien Foroa sortu eta epe luzera begira, Adinekoentzako Zentro berri bat sortuko dutela jakinarazi du. Egungo zentroari dagokionez, bertara bideratutako diru partida igo dute (%2,23). Eta Berdintasunaren atalean, Andragunera bideratutako diru kopurua %9,65 igoko dute, bere 15. urteurrenagaz bat eginda. Otamotzenako auzo elkarteari buruz ere bada berrikuntzarik. Bikoiztu egin gura dute orain arte bideratutako kopurua. Udal Euskaltegiaren partida %8 igotzea gura dute, eta kulturakoa ere beste horrenbeste.
Urbanizazioak eta azpiegituren hobekuntza
Mireia Elkoroiribek komentatu duenez, PERIa garatzea "funtsezkoa" izango da legealdi honetan. Hori dela eta, tren geltoki zaharraren oruberako proiektu berri bat idaztea izango dute "lehentasun". "Babes Ofizialeko Etxebizitzak, zerbitzu punblikoak eta parke erraldoi bat" garatu gura dute bertan. Bestalde, Antso Estegiz kalea urbanizatzea ere aurreikusi du udalak. Hori izango da "inbertsio gutxienetako bat". Gainerakoan, Aramotz Berritu proiektua, Murueta Torre dorretxea eta Madalenako plaza birgaitzea izango dira beste proiektuetako batzuk. Tabirako aldagelei dagokienez, hauek hobetzea eta behin-betiko aldagelak izango direnak lortzeko bideari ekitea gura du udalak. Merkatu Plazaren eraikina berritzeko lanak direla eta, obrek itxaron egin beharko dute oraingoz. Aurreko legegintzaldian mugitutako "bi milioi euroko Next Generation funtsak iritsiko ez direnez gero", orain arteko proiektua "bertan behera" utzita dago. Udalak merkatu plazari begirako proposamenak jasotzen jarraitu gura du aurrerantzean, finantzaketarako baliabideak dauden momentuari itxaron eta obrak egiteko.
Kapitanenaren aurrean, beste proiektu bat
San Faustoko zentro zibikoari dagokionez, berrikuntzak daude. Elkoroiribek azaldu du Kapitaneneko proiektua birplanteatzea ekarri duela egungo testuinguruak. "Inbertsio oso altua da, azpiegiturari atera dakiokeen etekina ikusita. Baserria txiki geratu daitekeelakoan gaude. Auzotarrekin batera espazio zabalago eta irisgarriago bat sortzeko aukera lantzen gabiltza", azaldu du. Bide-orri hori San Faustoko auzotarrekin "adostua" dela ere gaineratu du.
KOPURUAK
- Adinekoak 728.390,66
- Berdintasuna 463.075,04
- Gizarteratzea 1.246.540,76
- Immigrazioa 179.244,48
- Enplegua Sustatzeko Programa 272.628,00
- Heziketa-zikloak 737.347,59
- Kultura 991.404,63
- Jaiak 431.310,00
- Euskara 185.130,82
- Otramotzena zentro zibikoa 39.000,00
- Aramotz Berritu 1.739.984,13
- Antso Estegiz birgaitzea 709.859,84
- Bide publikoak mantentzea 1.954.220,70
- Argiteria publikoa 833.985,86
- Ingurumenera eta garapen iraunkorrera bideratutako programak 530.465,12
- Mugikortasun Iraunkorreko Programa 260.400,01
- Merkataritza sustatzeko programak 417.150,00
- Turismoaren garapena 297.704,38
- NSSP aldatzea eta trenbideko BEPB berria 60.000,00
- Eguzkitza II birpartzelatzeko hirigintza-kudeaketa 40.000,00
- Kaleko katuak kontrolatzeko CES programa 30.000,00